Ikastolek Satrustegiren lana “bihotzez” eskertu dute

Guaixe 2015ko abe. 18a, 14:43
Mari Jose Satrustegi ahizpak, hirugarrena ezkerretik, jaso zuen anaiari emandako saria.

Herrialdean sortu zen aurreneko ikastolak 50 urte bete dituela eta Nafarroako Ikastolen Elkarteak (NIE) hainbat jarduera antolatu ditu. “Ikastolen sorrerako garai zail eta malkartsu haietan ezinbesteko erreferente izan ziren lau lagun” saritu zituen NIEk atzo: Jorge Cortes Izal, Jose Maria Satrustegi, Jesus Atxa eta Carlos Garaikoetxea. Arbazuarraren Maria Jesus arreba izan ekitaldia.

NIEko buru Josu Reparazek azaldu zuenez, lauren “inplikazioagatik, egindako lanagatik eta izandako ausardiarengatik” saritu zituzten. “Beraiei esker iritsi baikara egun garena izatera, 15 ikastola, 6.000 ikasle, 4.200 kooperatibista eta 610 profesional, hain zuzen ere”. Reparazek adierazi zuenez, “bihotzez eskertzen baitiegu ikastolen eta euskararen alde Nafarroan eginiko lana eta beti egongo baikara zorretan beraiekin”.

Soslaia
Jose Maria Satrustegi Zubeldia (Arruazu, 1930eko azaroaren 15a - Iruñea, 2003ko
martxoaren 27a). Etnografoa, idazlea, itzultzailea, euskalaria eta apaiza izan zen Satrustegi.

Ehunka artikulu eta liburu idatzi zituen. 50eko hamarkadaren amaieratik euskararen alde aritu zen, Diputazioak Vianako Printzea Erakundean sortua zuen Euskararen aldeko sailean. Herriz herri ibili zen, euskaraz ongi egiten zuten haurrei sariak emanez.

Ondoren, Migel Javier Urmenetaren laguntzaz Nafarroan euskara indartzeko estrategian lanean hasi zen, besteak beste ikastolak bultzatuz eta aholkulari lana eginez Sakana eta Lizarrako ikastolen bultzatzaileentzat. Iruñerriako ikastolen hasieran ere aritu zen.

1963az geroztik Euskaltzain osoa izan zen eta Euskaltzaindiko idazkaria ere bai 14 urtez. Era berean, Eusko Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordeko aholkularia, Nafarroako Kultura Kontseiluko kidea, Eusko Ikaskuntzako Ameriketako Institutuko urgazlea eta Eusko Ikaskuntzako Batzorde Iraunkorreko kidea izan zen.

Satrustegik eginiko lanen artean aipagarria da berak hainbeste maite zuen Euskal Izendegia, garai hartan frankismoaren errepresioagatik debekaturik zeuden euskarazko pertsona-izenak zabaltzeko ezinbestekoa izan baitzen.