Garmendia eta Ruiz de Larramendi txapeldunak

Guaixe 2016ko urt. 3a, 16:47

I.Gure Pilota Pala Torneoko finalak jokatu ziren abenduaren 27an, Etxarri Aranatzen

Abenduaren 27an jokatu ziren I. Gure Pilota Sakanako Pala Torneoko finalak. Txapelketa Nafarroako Pilota Federazioak antolatu zuen, Sakanako Mankomunitatearen, Etxarri Aranazko Gure Pilota klubaren eta Arbizuko eta Etxarri Aranazko Udalen laguntzarekin. Helburua txapelketa indartsu bat antolatzea zen, “hurrengo urteko pala egutegian Euskal Herri mailan lekua izango duena. Horrela, Euskal Herriko puntako palista onenak lehiatu dira Sakanan jokatu zen torneo honetan. Final ikusgarrietan, tamalez txapelak ez ziren Sakanan geratu, baina finalak ikustera hurbildu zirenek puntako ikuskizun eta partidaz gozatzeko aukera izan zuten.

Sakanako Mankomunitateko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak adierazi duenez “txapelketa bikaina izan da. Finaletan jendetza elkartu zen Etxarri Aranazko Euskalerriari pilotalekuan. Partida guztiak borrokatuak izan ziren eta primerako ikuskizunaz gozatzeko aukera izan zuten bertan bildu zirenek. Txapelketa dotorea izan da eta helburu ezberdinak uztartu dira. Batetik, helduen mailako Euskal Herriko maila goreneko palistak elkartu dira, eta, bestetik, txikien mailan eskolak bulkatzeko Sakanan egiten ari den lana agerian geratu da.

I.Gure Pilota Sakanako Pala Torneoko finalak
Kimuak: Eider-Julene 18 / Auritze-Olaia (Gure Pilota) 14
Kadeteak: Maddi-Maitena 25 / Luzia-Iune (Gure Pilota) 20
Gazteak: Saio-Naroa 25 / Uxue-Aroa (Gure Pilota) 21
Promozioa: Murillo-Gabirondo 30 / Arrizabalaga-Parot (Gure Pilota) 27
Eliteak: Araiztegi-Bordagaray 24 / Garmendia-Ruiz de Larramendi 30