Sakanako enpresariekin bildu da Manu Aierdi

Guaixe 2016ko urt. 14a, 16:58

Garapen ekonomikoko lehendakariaz aparte, Ekonomia-, Enpresa- eta Lan-Politika zuzendari nagusia Izaskun Goñi eta Sodena enpresa publikoko zuzendari-kudeatzaile Pilar Irigoien egon ziren ostiralean, Sakanako enpresariekin egindako lan bileran.

Manu Aierdi, Nafarroako Gobernuko ekonomia garapenerako lehendakari-ordea eta bere lantaldea herrialdeko enpresari elkarte guztiekin elkarrizketa erronda egiten ari da. Sakanaren txanda izan zen ostiralean eta berrogeita hamar bat enpresari, garapeneko eragile eta udaleko ordezkarirekin bildu zen Altsasun. Aurretik, Sakanako Enpresarien Elkarteko zuzendaritzarekin bilera izan zuen. Bilerak ikusmin handia piztu zuen eta makina bat medioetako kazetariek jarraitu zuten ekitaldia.

Aierdik azaldu zuenez, helburua Sakanako enpresarien egoera eta beharrak lehen eskutik jakitea zen. “Hau lehen urratsa da, eurekin harreman sendo bat izateko eta koordinaketa lanetan sakontzeko, guztion esfortzua bide berdinetik joateko. Lehen ez zen horrela, ez zegoen Nafarroako Gobernuko Ekonomia Departamentuaren eta Nafarroako ibarren arteko koordinazio iraunkorrik. Eta uste dugu erlazio egonkor bat egon behar duela. Bilera hau lehen pausua da”.

Bere aldetik, Sakanako Enpresarien Elkarteko presidenteak, Francisco Lopez de Aldak, enpresen beharren berri eman zion kontseilariari. “Aurrera egiteko lan ingurune egokia behar dugu. Argi dago aktore guztiekin bildu behar dugula: langileak, sindikatuak, administrazioa… Horretaz aparte, dagoen lanbide heziketa hobetu behar da, eta, jakina, azpiegitura egokiak behar dira, elektrizitate eta internet azpiegitura egokiak, alegia. Nafarroako Gobernuaren aldetik harrera ona sumatzen dugu eta Sakanari bultzada emateko jarrera”.

Sakanako Plan Estrategikoa, oinarri
Manu Aierdik nabarmendu zuenez, Nafarroako Gobernuak oso begi onez ikusten du Sakanako Plan Estrategikoa 2.020,”Sakanaren egoera bideratzeko ezinbestekoa”. Ildo horretan, 2016ko aurrekontuetan diru saila jasoko du Gobernuak (250.000 euro), aipatu plana sustatzeko. Plana garatzeko Sakanako eta gobernuko ordezkarien arteko negoziazioek aurrera jarraitzen dutela aipatu zuen Aierdik eta aste honetan bertan, atzera ere, bilduko direla gaineratu zuen.  

Ibarraren aukerak
Aierdik Sakanak ekonomikoki dituen aukerak nahiz indarguneak aipatu zituen. Haien artean, industria-sare bat dugula azpimarratu zuen, "eta garai berriei egokitu behar bada ere, egote hutsa, zalantzarik gabe, oso datu positiboa da eskualdearen etorkizuneko garapenerako", azaldu du. Lehendakariordeak ere, turismoak, merkataritzak eta energia berriztagarriek duten ahal handia aipatu zuen, "enplegu asko sor ditzaketenak". Azkenik, dauden komunikabide onak nabarmendu zituen, Sakanan dagoen ekintzailetzarako tradizioa eta eskualde horretako elkartegintzarako maila handia, "Nafarroako beste toki batzuetan baino handiagoa".

Krisia datutan
- 2009 eta 2015 artean 400 enpresaren galera; 2.059tik 1.657ra.
- Epe horretan 2.075 lanpostu galdu ziren, industriako sektorean bereziki.
- 2014an Nafarroako langabezia-tasa % 16,1ekoa zen, Sakana % 23,8 izan zen mendebaldean eta % 18 erdialdean nahiz ekialdean.