Auzolana, Benigno omentzeko

Auzolana, Benigno omentzeko

Guaixe 2016ko urt. 15a, 09:51

Apirilean antolatu nahi dute eta auzolanerako bi deialdi egin dituzte.

Benigno Mendia Goikoetxea urdiaindar ezaguna lastaila erdialdean hil zen. Ordutik bere gertukoek eta lagunek zerbait egitea izan dute buruan. Horri, dagoeneko, “izena eta data jarri” diote: ongi merezitako omenaldia. Hainbat sakandar biltzen dituen Benignoren Lagunak taldeak jakinarazi dutenez, Mendiari omenaldia apirila erdialdean egin nahi diote, Urdiainen, egun osoko egitarau batekin. Prestaketa lanetan hasiak dira.

Antolatzaileek azaldu digutenez, “jakin badakigu, Benigno han eta hemen ibili dela, beti ere auzolanean, hori baitzen bere eguneroko lana eta jana: auzolana”. Benignoren Lagunak taldeak, horregatik, auzolanean antolatu nahi du harendako omenaldia. Eta bi deialdi egin dituzte. Alde batetik, argazki bilketa egin nahi dute, gero omenaldi egunean emateko. Bakarren batek ekarpena egin nahi badu benignolagunak@gmail.com helbidera bidali dezake argazkia. Bestetik, antolatzaileek “Sakanako talde, eragile zein norbanakoak auzolan erraldoi honetan parte hartzera ere gonbidatu” nahi dituzte. Haiekin harremanetan jartzeko aipatu e-posta helbide bera erabili daiteke.