Independentistak bide-orria zehazten

Guaixe 2016ko urt. 19a, 15:25

Hurrengo bi urteetarako plana Aberri Egunaren aurretik zehaztu nahi dutela aurreratu dute, “mugimendu independentistaren jauzi indartsu baterako oinarria finkatzeko”.

Independentistak Sareak hurrengo bi urteetarako plan estrategikoa zehazteko prozesua Lakuntzan abiatu zuen larunbatean. Lakuntzako topaketa irekiko helburua independentziaren aldeko mugimenduaren azken urteotako ibilbidearen balantzea egin eta aurrera begira egin beharreko urratsak zehazten hastea zen. Horretarako, bildutakoen iritziak eta ekarpenak jaso zituzten. Bilera “emankorra” izan zela azaldu zuten sareko kideek..

Larunbatean, lehenik, egindakoaren balantzea egin zuten, lorpenak, helburuak, gabeziak eta ahuleziak mahaigaineratuz. Ondoren, egungo egoera eta aurrera begira zehaztu beharreko lan ildoak aztertu zituzten. Eta horretarako kontuan hartu zituzten: gako estrategiko eta ideologikoak; jarduera eredua, ekimenak eta mobilizazioak; antolaketa eta mugimenduaren hedapena. Aurtengo plangintza ere zehaztu zuten. Haren baitan jasoak gelditu dira, besteak beste: Aberri Eguna, herri galdeketak, Kataluniako prozesua eta abar.