Mateo Gonzalez eta Hodei Zia bikain Mallorcan

Guaixe 2016ko ots. 17a, 13:29

Mallorcan jokatutako Pista Txirrindularitzako Open Espainiako bigarren proban aritu ziren Burunda Klubeko txirrindulariak

Mallorcak hartu zuen, asteburuan, Pista Txirrindularitzako Open Espainiako bigarren proba. Pista txirrindularitzako txirrindulari garrantzitsuak lehiatu ziren bertan, eta baita pistan murgiltzen ari diren txirrindulariak ere, 135 txirrindulari guztira. Tartean zeuden Burunda Txirrindularitza Klubeko Hodei Zia altsasuarra eta Mateo Gonzalez soriarra. Hodei Zia hasi berria da pista txirrindularitzan eta esperientzia hartzen ibili zen Mallorcan, Nafarroako selekzioarekin. Bere taldekide Mateo Gonzalezek, berriz, Gaztela eta Leongo selekzioarekin hartu zuen parte, kadeteetan. Lan bikaina egin zuen eta puntuazio lasterketan garaipena lortu zuen. Scratchean bigarrena sailkatu zen Mateo Gonzalez, eta proba daniarrean hirugarrena.
Espainiako Openeko hirugarren eta azken proba Tafallako Migel Indurain belodromoan jokatuko da, martxoaren 12an.