Gurasoak, gaztetxoak eta drogak

Guaixe 2016ko ots. 20a, 10:14
Ikasle eta gurasoak Atakondoa eskolara sartzen eta ateratzen.

Osasunbideak gazteen drogen kontsumoaren prebentzioa egiteko haien gurasoak trebatzeko programa prest du. Hobe esanda, autoprestakuntza programa da, gurasoek gurasoei eskainia. 15 urteko ibilbidea du programak eta bere helburua ikastetxeetan gaztetxoen gurasoek drogen gaiaz hausnartzeko espazioak sortzea da. Lagunekin ateratzean sortzen diren kezkak; ordutegiak, pagak, drogei buruzko informazioa, alkohol edo tabako lehen kontsumoak eta besteri buruzkoak partekatuko dituzte gurasoek.

Herrialdeko bederatzi ikastetxeetan gurasoak talde irekietan elkartuko dira eta gaztetxoen drogen kontsumoaren prebentzioan trebatuko dira. Arakilgo ikasleak hartzen dituen Iruñeko Biurdana institutua, Irurtzungo Atakondoa eskola eta Altsasun dagoen Iñigo Aritza ikastolako gurasoek parte hartuko dute programan.

Drogomenpekotasun Foru Planeko teknikariek ikastetxe bakoitzeko bina guraso trebatu dituzte. Haiek ikastetxe bakoitzean sortuko diren guraso taldeen bitartekariak izanen dira. Metodologiari eta edukiei buruzko ezagutzak jaso dituzte, esaterako: kontzeptuak argitzea (drogak eta sailkapena, arrisku faktoreak eta babeserako faktoreak), nerabezaroa, familia barruko komunikazioa, gaztetxoen heltze prozesuaren indartzea, drogen erabilerari buruz nola hitz egin, aurreneko kontsumoen aurrean nola jokatu, gatazken konponbidea, aisialdiaren erabilera egokia eta beste. Bitartekariek jasotakoa euren ikastetxeetara egokituz proiektua ondu dute. Horretan ikastetxeko guraso elkartea eta heziketa taldearen laguntza izan dute.