Ikobaltzeta Udalbiltzako zuzendaritzan

Guaixe 2016ko ots. 24a, 18:05

Udalbiltzak hauteskundeen ondorengo lehen batzarra izan zuen larunbatean. Elkartu ziren udal hautetsiek Hernaniko alkate Luis Intxauspe aukeratu zuten Udalbiltzako lehendakari. Berarekin batera erakundearen zuzendaritzan beste dozena bat hautetsi izanen dira. Gobernukide horien artean Etxarri Aranazko zinegotzi Aritz Ikobaltzeta dago.

Azken hiru urteak Udabiltza berrantolatzen eman dituzte. Larunbateko batzarrean garatutako egitasmoen berri eman eta Udalbiltzaren jardunak ekonomikoki atzeratutako eskualdeetan izandako eragina azaldu zuten. Deia ere egin zuten: “Euskal Herria aintzat hartzen duen orok tokia du Udalbiltzan, zabalik ditugu ateak, eta uste dugu herrigintzan sinesten duenak, kontsentsu berriak lortu eta akordioak nahi dituenak oso eroso egon daitekeela hemen lanean”.