25 urte Altsasun NANak egiten

Guaixe 2016ko ots. 27a, 09:38
3.0 nortasun agiri nazionalaren bereizgarriak.

Espainiako nortasun agiria egin edo berritu nahi duenak 012ra hots egin edo Altsasuko udaletxean eman dezake izena. Hurrengo hitzordua martxoaren 4an izanen da.

Otsailean 25 urte bete dira Altsasun Nortasun Agiri Nazionala (NAN) agiria egin edo berritzeko aukera dagoela. Batez ere hiriburuetara joan ezin duten edo zailtasunak dituzten adindu eta haurrei tramitea errazteko sortu zen DNI-rural zerbitzua. Nahiz eta edozein pertsonaren agiriak berritzen dituzten. Nafarroako Poliziaren Burutza Nagusiak zerbitzu horren bidez administrazioa herritarrengana hurbildu nahi izan zuen.

Altsasun hilean bitan edo hirutan izaten dira zerbitzua eskaintzen, 9:00etatik 12:15era. Bisita bakoitzean 82 txanda ematen dira. Erdia, 42, nortasun agiria egin edo berritu nahi dutenen datuak jasotzeko da. Hitzorduen beste erdia egindako NAN-ak emateko da. Izan ere, Altsasun ez dituzte agiriak fisikoki egiten eta bitan joan beharra dago.

Zerbitzua agorrilean eten egiten da, oporrengatik. Garai batean txanden zerrenda berehala betetzen zen eta luze jotzen zuen agiria berritzeko txanda lortzea. Orain gazteek hiriburutan ikasten dutenez, zerrenda betetzen da, baina ez da garai batean bezala zain egon behar. Bizpahiru astetan hitzordua ematen dute.

Beharrezkoak
Agiria berritzeko agiri zaharra eta norberaren gaur egungo argazki bat eraman behar da. Horretaz aparte, 10.6 euro ordaindu behar dira. Azaroan eta abenduan zerbitzua etenda egon zen NAN 3.0 delakoa ezartzeko. Agiri elektroniko horren bidez internet bidezko tramiteak egin daitezke, bai txartel irakurgailuen bidez baita NFC teknologia dutenen bidez ere. Altsasun NAN-ak berritu daitezke soilik, pasaporteak egiteko hiriburura jo behar da.

Abizenak euskal grafiarekin jartzeagatik agiri asko berritzen dituzte Altsasun. Hori egin nahi duenak Erregistro Zibilera jo behar du jaiotza-agiri literala moldatzera. Behin hura aldatu ondoren, ziurtagiriarekin NANa berritzera joan beharra dago. Han identifikazioa egiten dute eta zentralera bidaltzen dute. Pertsona bera dela ziurtatu ondoren, abizenen aldaketa NAN-ean jasotzen da. Halakoetan hiru bisita egin behar dira.

1.500
Urtero Altsasun berritzen den NAN kopurua.