Osasunbideak klinikari buruzko azterketa egiteko adostasuna

Guaixe 2016ko mar. 17a, 09:02
Parlamentariak Joaquin Roldan mediku zuzendariaren azalpenak entzuten.

Bere bideragarritasun egoera larriari konponbidea eman eta Nafarroako osasun sisteman egokien txertatzeko helburuz eginen litzateke.

Nafarroako Parlamentuaren otsailaren 11ko bilkuran ez zen nahikoa adostasunik lortu eta ez zen aurrera atera Osasunbideak Josefina Arregi klinikari buruzko bideragarritasun azterketa egiteko eskaera. Parlamentuko Osasun Batzordea Josefina Arregi klinikan bisitan izan ziren atzo eta talde parlamentariak azterketa hori egiteko prest azaldu dira. Ekimen bateratu baten bidez, Nafarroako Gobernuari ikerketa egiteko eskaera luzatzea proposatu zuten, baina modua ez zuten zehaztu.

Bai mozioa bai klinikaren lana bertatik bertara ezagutzeko eskaera EH Bilduko taldeak egin zuen. Asun Fernandez de Garaialde Lazkanok “langileen eta boluntarioen lanari esker irauten duen zerbitzuaren bideragarritasuna” bermatu beharra zegoela azaldu zuen. “Klinikak gaur egun Osasun Departamentuarekin duen kontzertua (170 euro ohe bakoitzeko) egiten duen lanarekin ez dator bat. Klinika donazioen eta boluntarioen zoriaren menpe dago. Hori ezinezkoa da, hirugarren munduko egoera bat da”. EH Bildu klinika publikoa egitearen aldekoa dela azaldu zuen. Baina “ez dugu planteatzen zuzenean egitea, baizik eta departamentuak ikerketa egin dezala, eta elkarrekin eztabaidatu ondoren, neurriak hartzea”.  Koalizioko kideak esan zuenez, “departamentuak Altsasuko klinika behar du. Nafarroan dauden beharrak aztertu eta hor klinikaren kokapena” zehaztearen alde agertu zen.

UPNko Begoña Ganuzak azpimarratu zuen “klinikaren balioek egun humanitatea galdu duen medikuntza humanizatzen dute”. Errejionalisten bozeramailea azterketa zehatza egitearekin ados agertu zen, “oso bidegabea baita bere lana gutxieneko estandarrekin ere ez aitortzea”.

Geroa Baiko Maria Solanak parlamentuan eman zuten abstentzioa defendatu zuen esanez haien zalantza ez zela helburua, metodoa baizik. Parlamentuko mozioan departamentuari eskaera unilaterala egiten zitzaiola esan zuen. Geroa Baik adierazi zuen fundazioko, klinikako, Osasun Departamentuko eta beharrezkoa bada beste departamentuetako ordezkariekin lan mahai baten falta sumatu zuela. Azterketa “denen parte hartzearekin eta azkar” egin behar zela gaineratu zuen.  

Ahal Duguko Tere Saezek “kontzertuaren diru kopurua zerbitzuaren benetako baldintzetarako doitzeko” eskatu zuen; “gaur egun bokazioan eta boluntarioetan oinarrituta baitago”. Lan baldintzak hobetu eta beharrezko langile kopurua kontzertuan jasoa gelditzeko eskatu zuen. Saezen arabera, “ikusteko dago nola txertatzen den klinika honen lan izpiritua osasun sisteman; merezi duen balio etikoa eta ekonomikoa emanez”. 



PSNko Maria Chivitek esan zuen klinikak ezin zuela “zoriaren eta donazioen menpe gelditu”. Parlamentuko talde guztien artean ekimen bat zehaztu zitekeela aipatu zuen, klinikari “osasun eta gizarte zerbitzuen arloan dagokion funtzioa zehazteko eta sinergiak aztertzeko”. Klinikak duen arazoa onartuta, azterketa Nafarroak duen beharretan oinarrituta egin behar zela adierazi zuen, ez klinikak dituenetan. 
PPNko Javier Garciak osasun egoitzaren egungo egoera aztertzearekin ados azaldu da. “Horrela, aukerak ikusi eta Nafarroako osasun sistemaren osotasunerako egokiena dena aukeratu ahalko da”. Klinikak Nafarroari eskaintzen dion zerbitzuak mantendu beharra zegoela nabarmendu zuen. 


Bisitari gehiago
Nafarroako Parlamentuko Osasun Batzordearekin batera klinika Sakanako Mankomunitateko presidente Aitor Karasatorre Muguruzak, Altsasuko alkate Javier Ollo Martinezek eta ibarreko oinarrizko gizarte zerbitzuen mankomunitateetako ordezkariak izan diren: Ainara Aiestaran, Maria Saez de Albeniz eta Javier Paz. Guztiak parlamentarien iritzi trukearen lekuko izan ziren.