Auzolana, Benigno omentzeko

Benignoren omenaldiko bazkarirako txartelak aste honetan jasoko dituzte

Guaixe 2016ko api. 5a, 11:18

Eskaera handiagatik beste 100 txartel atera ditu antolakuntzak.

Benigno Mendia Goikoetxea zenaren omenezko auzolan erraldoia eta festa antolatu dituzte Urdiainen apirilaren 16rako. Mendia “han eta hemen auzolanean ibilia” zela jakinik, filosofia bera jarraituz, auzolanean antolatu dute omenaldia. Benignoren Lagunak talde antolatzaileak egindako deialdiari Sakana guztiko 100dik gora pertsonek erantzun diote eta haien lanari esker aurrera aterako da omenaldia.

Benignoren Lagunak taldekoek hasiera batean 500 pertsonendako bazkaria egiteko asmoa zuten. Eskaera kopurua ikusita beste 100 pertsonendako txartelak atera dituzte. Mendiaren omenaldiko bazkarian izan nahi dutenek aste hau dute txartelak eskuratzeko, gero jaso eginen dituzte eta. Haur eta helduendako txartelak Urdiaingo Mareo eta Kaluxa tabernetan edo Olatzagutiako Barandi tabernan daude salgai. benignolagunak@gmail.com e-posta bidez erreserbak egin daitezke.