Igandea, langileen eguna

Guaixe 2016ko api. 29a, 14:27

Maiatzaren 1erako deialdi ugari egin dituzte sindikatuek. Sakanan LAB sindikatuak deitutako manifestazioa izanen da deialdi bakarra, igandean Altsasun, 12:30ean Foru Plazatik abiatuko dena.

Maiatzak 1, langileen eguna. Aurten igandearekin egokitu da langileen eguneko aldarrikapen eguna eta sindikatuek makina bat deialdi egin dituzte. Besteak beste, langileen eskubideen urraketak salatu, egungo prekarietatea gaitzesi eta langileen eskubideen aldeko borrokara deituko dute sindikatuek.

ELA sindikatuak aspaldiko partez Iruñean jarri du hitzordua. Sindikatuak 11:30ean biltzeko deia egin die afiliatu eta jarraitzaileei, Iruñeko Gurutze Plazan. Bertatik manifestazioa abiatuko da, udaletxean despedituko dena, Gehiago balio dugu lelopean. 14:15ean bazkari herrikoia antolatu dute Bernat Etxepare ikastetxean eta arratsalderako puzgarriak, antzerkia eta jaialdia ere antolatu dituzte.

LAB sindikatuak Langileok Martxan, eskubideak aktibatuz! lelopean ospatuko du aurtengo maiatzaren lehena. Nafarroan Iruñeaz gain hainbat herritan antolatu dituzte manifestazioak, tartean Altsasun. Altsasuko manifestazioa 12:30ean abiatuko da, Foru Plazatik, eta Iruñekoa ordu berean, Gaztelu Plazatik.

UGT eta CCOO sindikatuek batera ospatuko dute maiatzaren lehena. Manifestazioa deitu dute igandean, 12:00etan autobus geltoki zaharra zenetik aterako dena eta Sarasate pasealekuan despedituko dena, Contra la pobreza salarial y social. Trabajo y derechos lelopean. Bertan egingo dute euren ekitaldi nagusia.

Bestalde, CNT, CGT, Solidari eta STEILAS sindikatuek deialdi bateratua egin dute, Kalera, askatasun eta eskubideak berreskuratzera lelopean. Igandean, 12:00etan, San Lorenzon bilduko dira, Iruñeko udaletxean bukatzeko. Bertan ekitaldia egingo dute.