XI. Tenis Rubor Txapelketak baditu txapeldunak

Guaixe 2016ko mai. 5a, 08:33

60 tenis jokalari lehiatu dira berriki jokatu den txapelketan

Tenis Rubor Altsasu Tenis Elkarteak urte asko daramatza Altsasun tenisa sustatzen. Ricardo Cantero koordinatzaileak adierazi digunez, bi talderekin egiten dute lan. “Batetik, tenis eskola dago, 7 urtetik 16ra urtera bitarteko neska-mutikoek osatzen dutena. Aurten 65 haur tenisean trebatzen ari dira gurekin. Eta, bestetik, hobekuntza taldea dago, helduena. 12 pertsona inguru aritzen dira bertan” azaldu digu Canterok. Iratxe Soriano eta Xabier Bergera dira eskolako monitoreak eta Ricardo Canterok du hobekuntza taldeko ardura. Klaseak Altsasu Institutuko kirol-pista estalian ematen ditu Tenis Rubor Altsasu Tenis Elkarteak.

Tenis Rubor Txapelketako irabazleak
Duela gutxi despeditu zen XI. Tenis Rubor Txapelketa. Guztira 7 urtetik 16 urtera bitarteko 60 tenis jokalarik hartu dute parte. Txapelketako aurreneko fasea apirilaren 9an eta 10ean jokatu zen, eta bukaerako fasea apirilaren 16an eta 17an. Txapelketako A multzoan 14 pertsonek hartu zuten parte eta final handian Nerea Verak 6-7-6 eta 7-6-0 irabazi zion Nora Domingori. B multzoan ere 14 tenislari lehiatu ziren eta Iker Claver Oihan Mariñelarenari 7-7 eta 5-5 gailendu zitzaion. C multzoan, aldiz, 4 tenislari aritu ziren eta Aimar Pechek 4-3-2 eta 3-4-2 irabazi zion Ainara Teixeirari. D taldean, bestalde, 6 tenis jokalari lehiatu ziren eta finalean Larraitz Tejedorrek 6-6 eta 1-0 irabazi zion Udane Valdiviesori. E taldean 8 tenislari lehiatu ziren eta Aitor Floresek 6-6 eta 1-2 irabazi zion Aritz M. Ibarretari finalean. Bukatzeko, F taldean 6 tenis jokalarik hartu zuten parte eta finalean Xabi Bengoetxeak 6-6 eta 4-4 hartu zuen menpean Jon Plissoneau.

Ricardo Canterok adierazi digunez, primerako giroa izan da txapelketan eta txapelketan ohikoak izaten diren urduritasunak alde batera utzita, “kalitateko tenisaz” gozatzeko aukera izan zuten txapelketa jarraitu zutenek. Nahiz eta askotan tenisa kirol minoritarioa dela uste izan, gutxiengo baten eskuan dagoena, Altsasun jarraitzaile asko dituela argi dago eta sakandarrek tenisean aritu nahi badute, badakite nora hurbildu.

www.tenisrubor.com
Altsasuko taldeko informazio guztia, txapelketako emaitzak, argazkiak eta beste.