Kalte-ordainak kobratuta itxi da Gamesako lan gatazka

Guaixe 2016ko mai. 5a, 18:21
Gamesako langile ohiak eta ELAko kideak gorenaren epaiaren ondorengo prentsaurrekoan.

Nafarroako Lan-arloko 3 zk.ko Epaitegiak onetsitako kalte-ordainaren kobrantza egin ondoren, ELAk jakinarazi duenez, Gamesako gatazka juridiko-sindikala bukatu da. Gatazka 2010ean hasi zen Gamesak Altsasuko lantegia itxi zuenean. Hasiera-hasieratik ELAk adierazi zuen ez zegoela batere arrazoirik —logika, antolamendu, ekonomia edo ekoizpenaren aldetik— lantegia ixteko. Horregatik, alde batetik, plantilla sendo sindikalizatu batean eta, beste aldetik, zerbitzu juridikoetan oinarrituz, lantegia irekita mantentzeko eta 130 lanpostuei eusteko estrategia bat prestatu zuten.

ELAtik salatu dutenez, enpresaren,Nafarroako Gobernuaren, Lan Ministerioaren eta UGT nahiz CCOO sindikatuen jarrera “oztopo izan dira gamesako plantillaren borroka sindikalak bere bidea urratu zezan, eta lantegiaren geroa ziurtatu zezan”. ELAtik gogorarazi dute gamesaren itxiera “frustrazio-iturri” izan zela bai langileendako, bai sakandarrendako: “zeren lantegi hori esanguratsua izan da Sakana osoan, eta deslokalizazio hori garai hartan gertatu ziren itxiera-bolada baten azkena izan zen”.

Sindikatuak bere zerbitzu juridikoek lortutako emaitza onak nabarmendu nahi izan dituzte. Lan horren emaitza da Altsasuko Gamesaren itxiera epaitegiek deusez deklaratu zutela, erabakiaren arduradunen jokaera gaitzetsiz. Enpresak langile kaleratuak berriro onartu nahi izan ez dituenez, kaleratze bidegabeengatik beste epaiketa batzuei egin behar izan die aurre eta, azkenean, erreklamatu duten langileei zerbitzu-aldiko urte guztiengatik, enpresan sartu ziren lehen egunetik, ordaindu behar izan dizkie kalte-ordainak, Enplegu Erregulazio Espedientea ezertarako kontuan hartu gabe, aurtengo apirilaren 27ra arte, egintza judiziala gauzatu den egunera arte. Hala, 2010ean kobratu ziren kopuruak bikoiztu egin dira.

ELAtik azpimarratu dute “lan-erreformen gainetik, eta enpresaren jokabide maltzurra eta guzti, merezi izan duela antolatzeak eta gure eskubideen alde borrokatzeak. Izan ere, afiliazio handiko plantilla bat eta zerbitzu juridikoen ongi egitea uztartzen badira, Gamesa bezalako enpresei horrelako jokabideak ez zaizkie dohainik ateratzen”.