Musikaren erraldoiak

Guaixe 2016ko mai. 5a, 08:41

Ostegunean, 17:00etan Altsasuko Iortia kultur gune parean Barañaingo Alaitz eta Altsasu Institutuko ikasleen kontzertua.

Musika emanaldi erraldoia eskaintzeko bat egin dute Altsasu institutuko eta Barañaingo Alaitz institutuko ikasleek. Asteartean estreinakoz Barañainen elkartu ziren kontzertua eskaintzeko eta gaur, berriz, Altsasun. Musika talde jendetsua, 250 bat jole, Iortia kultur gune pareko plazan ariko da. Eguraldiak lagunduko ez balu Burunda pilotalekuak hartuko luke kontzertu erraldoia.

Altsasu institutuko DBH 1., 3. eta 4. mailetako 170 bat ikaslek parte hartuko dute emanaldietan
Iñigo Aldunate Burguete musika irakaslearen laguntzarekin prestatzen ari dira emanaldia. Haiek ikasturte hasieran hasi ziren egitaraua zehazten, “ikasleen gustuak kontuan hartuz”. Moldaketak egin ondoren, ikasleekin abenduan hasi ziren lanean. Aldunatek jakinarazi digunez, “lan handiena musika klasean egiten dugu, txirularekin. Ahotsak eta beste musika tresnak atsedenaldietan ere landu behar izaten ditugu”. Bigarren ebaluazioa despeditu ondoren kontzertua prestatzen “buru-belarri” ari dira. Hura pasa ondoren, “beste gauza batzuei” helduko dietela esan digu irakasleak.

Osteguneko emanaldian ikasle gehienek txirulak joko dituzte. Baina horiekin batera, bateria, baxu eta gitarra elektrikoak, teklatuak, txistu, zeharkako txirula, saxo, tronpeta, tronboia eta akordeoiak joko dituzte ikasleek. “Kantaren moldaketaren arabera musika tresna batzuk edo besteek hartzen dute parte. Kanta gehienek ere ahotsaren laguntza dute eta dantza eta koreografia batzuk ere prestatu ditugu”, azaldu digu Aldunatek.

14. emanaldia
Altsasu Institutuak kontzertu erraldoiak antolatzen 2002an hasi zen. Orduan Joxan Zabalo zen musika irakaslea.

Egitaraua
Kanta                       Kantaria
Rolling in the deep    Adele
Neskatxo                 Ttakun
Gogoak                   Esne Beltza
American land          Bruce Springteen
I feel good               James Brown
Brian boru’s march   Irlandar herrikoia
Kwai ibaiko zubia     Kenneth J. Alford
Mad world               Gary Jules
Martxa baten lehen notak Mikel Laboa
Gora ta gora beti     Oskorri