Ekintzailetza sustatzeko bulegoa Gure Etxean

Cederna-Garalurrek ekintzaileendako Altsasun antolatutako jardunaldia.

Cederna-Garalurrek ekintzailetza sustatzeko aholkularitza Gure Etxea eraikineko lehen solairuko 1 gelan izanen da garagarrilaren 6tik aurrera, astelehenero, 9:00etatik 15:00etara.

Altsasuko Udalak eta Cederna-Garalurrek sinatutako hitzarmenaren ondorioa da ekintzailetza sustatzeko aholkularitza zerbitzua astelehenetan Altsasun eskaintzea. Garapen agentziak Arbizuko Utzubar industrialdean Sakana guztiko ekintzaileei zerbitzua eskaintzen die. Susana Mendinueta aritzen da horretan eta berak azaldu digunez, Altsasutik erabiltzaile asko joaten zirenez eta populazio handiena duen herria denez, Burundako herrian aholkularitza zerbitzua eskaintzea egoki jo dute. Zita hartuta, edozein sakandarrek erabili dezake Arbizu edo Altsasuko zerbitzua.

Hitzarmena sinatzeko aukera Altsasuko Udalaren Ekonomia Garapenerako Batzordean aztertu zen eta guztiz garrantzitsua dela ikusi zen, gure herrian ekintzailetza sustatzeko. Izan ere, bertan dago oraina eta etorkizuneko garapen ekonomikoaren oinarrietako bat”, azaldu du Javier Ollo Martinez alkateak. Gaineratuz, “momentu honetan pairatzen dugun langabeziaren aurrean ekintzailetza enplegu berriak sortzeko aukera paregabea da”. Ollok gogora ekarri du Altsasuko eskualdean langabeziak behera egin zuela martxoan eta apirilean, %3,04 eta %2,58 hurrenez hurren, baina egoera latza izaten segitzen duela.

Hitzordua eskatzeko
948 567 010 edo 639 900 336 edo sakana@cederna.es