Otsoportilloko lezean indusketa

Otsoportilloko exhumazioak badu data

Guaixe 2016ko mai. 23a, 20:17
Otsoportillon joan den urtean egindako omenaldiko unea.

Aranzadi zientzia elkarteak eginen du garagarrilean, Nafarroako Gobernuak harekin hitzarmena itxi ondoren.

Etxarri Aranazko alkate Eneka Maiz Ulaiarrek jakinarazi duenez, Nafarroako Gobernuak bere gain hartu duela Otsoportilloko lezetik 1936an hildakoen gorpuak ateratzea. Aranzadi zientzia elkartearekin foru administrazioak sinatutako akordioaren baitan, Otsoportilloko lezeko exhumazioa jaso da. Maizek azaldu digunez, gobernuko historia memoriarako atal buruarekin, Josemi Gastonekin zenbait bilera egin ditu guztia zehazteko. Ziurrenik hezurdurak hobitik garagarrilean aterako dituzte eta Pako Etxeberria forentsea izanen da lanean.

Aranzadiko kideek honako lanak egin beharko dituzte lezean: haren planoa, hezurrak dauden metalezko kutxaren azterketa, zenbat hildako dauden jakiteko inbentarioa egitea, beharrezkoa balitz hezurdurak kontserbatzeko sistema aldatzea, lezeko zorua aztertzea beste hezurrik baden ikusteko, hondakinak jasotzea, omenaldiren batean erabilgarria izan daitezkeen bideo irudiak hartzea eta lezerako sarbidea mugatzen duen sistema hobetzeko proposamena egitea.

Omenaldia
1936ko estatu kolpearen ondorioz hildakoak gogoratzeko irailaren aurreneko igandean Otsoportilloko lezean hitzordua izaten da. 1980an hasi ziren omenaldia egiten, Etxarri Aranazko Udalak eta hildakoen senideek deituta. Joan den urtean, estreinakoz, egun horretan bi omenaldi egin ziren, Otsoportillon eta Urbasako saroiko lezean. Ustez aurrenekoan erailak izan ziren etxarriarren gorpuak bigarrenean agertu zirelako. Maizek nabarmendu duenez, “han dauden gorpuen inberntariorik edo azterketa zientifikorik ez da sekula egin. Gainera, profanazio eta eraso ugari egon dira urte hauetan”.

Azken horien identifikazio lanean buru-belarri aritu zen Amaia Urkijok azaldu zuenez, Otsoportillokoen identifikazioa “zailagoa” izanen dela: “hezurrak lapurtu dituztelako eta lezean hezetasun handia dagoelako. Garai batean jaitsi eta gorpuzkink jaso ziren kutxa batean sartzeko. Urez beteta dago. Ez omen daude baldintza egokitan”.