Ikasi eta gabezia bati konponbidea eman

Guaixe 2016ko mai. 26a, 19:40

Sakana Lanbide Heziketa institutuko ikasleek Arrano Beltza eskolarendako bizikletak aparkatzekoa egin dute.

Ibilgailu ez kutsakorrak erabiliz ikasleak eskolara joatea. Hori da Iturmendiko Arrano Beltza eskola komunitatearen asmoa. Eta bizikleta da halako ibilgailu bat. Baina ikasleak eskolara bizikletaz joaten baziren haiek non aparkatu ez zuten. Maiatzaren 19ra arte. Pasa den ostegunetik horretarako aukera dute, Sakana Lanbide Heziketako (LH) soldadura eta galdaragintza gradu ertaineko ikasleek eta irakasleek iturmendiar txikien marrazkietan oinarritutako bizikletak aparkatzeko gailua jarri baitute. Bi ikastetxeetako ikasleak elkartu ziren mustutzean.

Ibilbide baten ondorioa
Sakana LH ikastetxeak eskualdearen beharretara egokitzeko, ikasleek duten profesionaltasunaren mailaren berri jaso dute. Ikastetxean garbi dute “gaur egun trebetasun eta ezagutza teknikoez aparte,   ekimena izatea, talde lana eta adierazteko gaitasuna kontuan hartzen diren gaitasunak” direla. Horregatik, ikastetxeko irakasle batzuk 2012-2013 ikasturtean Egitasmoka Lana eta Hezkuntza Egokitzailean trebatu ziren.

2014-2015 ikasturtean soldadura eta galdaragintza gradu ertaineko ikasleekin egitasmoka lan egiten hasi ziren. Emaitzak “ikusgarriak” izan direla esan digute ikastetxetik: ikasle eta irakasleen inplikazio eta motibazio handia, haien arteko harremanaren hobetzea, idatzizko eta ahozko adierazpena hobetu ziren, talde lanean aritzen ikasi zuten eta ezagutza praktikoen maila handia lortu zen.

Ikasturte honetan Sakana LH Hezkuntza Berrikuntza Proiektuen deialdira aurkeztu eta aukeratua izan da. Hala, “ikasleen, irakasleen eta gizarte inguruaren ikasketa, trebakuntza eta pertsona garapena sustatzearekin batera, Iturmendiko eskola publikoaren arazoa konpontzen saiatu dira”. Gradu ertaineko curriculumeko edukiekin batera ikasleendako onuragarriak diren aspektuak jaso dituzte: arazo erreal bat konpontzea; zerbitzua eskainiz inguruarekin erlazioak sustatzen ditu, gizarte konpromisoa prestakuntzarekin lotuz; ikasle, irakasle eta inguruan motibazioa sortzen du; kunde jasangarriaren inguruko kontzientzia hartzea; kolektibo desberdinen arteko erlazioa eta kooperazioa sortzen du; inguruaren behar errealekin lan egiten erakusten du… Sakana LHtik jakinarazi dute bide horretan sakontzeko asmoa duela.