Hondakin plana, errausketarik gabe hobe

Guaixe 2016ko eka. 3a, 09:09

Nafarroako Hondakinak Kudeatzeko 2016-2025 Plan Integratuaren parte hartzeko prozesuaren barruan eskualde bilera izan zen Irurtzunen astelehenean. Mendialdea, Araxes eta Sakanako mankomunitateetako ordezkariak eta herritarrak elkartu ziren. Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio Departamentuko ordezkariek lehen bilera txandan jaso zituzten ia 2.000 ekarpenen laburpena egin zuten. Teknikariek nabarmendu zutenez helburuekin, herritarren kontzientzia hartzearekin eta gobernantza eredu bakarrarekin adostasun handia dago. Planaren zirriborroan jaso denez, Sakanan konpostatze planta bat eta puntu garbi batzuk sortzea aurreikusten du.

Planaren inguruko Irurtzungo aurreneko bileran inolako errausketa ereduren eta errefusa erraustegietarako erregai bihurtzearen kontra azaldu ziren. Teknikariek jakinarazi zutenez lege kontsulta eskatu dute, planean errausketarik ez jasotzeak Europako araudiaren kontra jo dezakeelako. Europako hondakinen hierarkiaren arabera   azken aurrekoa hondakinen balorizazioa da eta azken aukera hondakindegia. Asteleheneko bileran bildutakoek edozein errausketa motaren kontra azaldu ziren eta hura planean jasota egoteagatik kezka azaldu zuten. Eskatutako lege txostena publiko egitea eskatu zuten eta, aldi berean, errefusa ahalik eta gutxien izateko apustua egiteko eta alternatibak lantzeko eskatu zuten. Azken horren barruan paisaien eta harrobien lehengoratzea aipatu zituzten.

Planari ekarpenak egiteko epea larunbatean despedituko da. Nafarroako Gobernuak plana hilaren 30ean aurkeztu nahi du, bi hilabetez jendaurrean egon, irailean onartu eta udazkenean indarrean sartzeko.