Haize Berriak Bandaren kexa

Guaixe 2016ko uzt. 1a, 10:41

Haize Berriak bandak San Juanak zirela eta Altsasun ostiralean emandako kontzertua bere egoeraren berri emateko erabili zuen. Emanaldian zehar kioskotik bandaren diruarekin jokorik ez zioen pankarta zintzilikatu zuten eta jendartean esku-orriak banatu zituzten. Azken horietan bandaren azken kontzertua izan zitekeela gaztigatu zuten.

Sakanako musika bandatik adierazi dutenez, 7.000 euro dira kezkaren iturburua. Urtero moduan joan den urtean Altsasuko Udalak kultur taldeendako egindako diru-laguntza deialdira aurkeztu zen banda. Urtero antzeko kopurua jasotzen du bandak, 14.000 euro. Hori jasoko zutenaren ideiarekin asmo handitan sartu ziren: Enrike Zelaiaren omenaldia, haren obra batean oinarritutako film-laburra…

Aurreko urteetan baino diru mugimendu handiagoa izan zuen bandak. Baina espero zutenaren erdia jaso zuten. Behin behinean zegoen kultura teknikariaren txostenari helegitea jarri zion bandak. Kultura teknikari titularrak lehenik eta kultura batzordeak (aho batez, UPN ez zegoen) ondoren bandari arrazoia eman zion: 7.000 euro beharrean 14.000 dagozkie. Ostiralean bandakoak kexu ziren: “sei hilabete daramagu itxoiten. Aurtengo genituen proiektu batzuk arriskuan jarri ziren eta beste hainbati, diru faltagatik, ezezkoa eman genien.” Azaldu zutenez, “merezi ditugun 7.000 euroak eman arte ez gara geldituko.” Udalari konponbide azkarra eskatu zioten.

Javier Ollo Martinez alkateak argitu duenez, 2015eko diru-laguntzen deialdiak hasieran diru-kopurua bat zuen. Emendakin bidez diru gehiago bideratu zen baina handitze hori ez zen diru-laguntza deialdian jaso. 2015eko aurrekontuak itxiak daude eta haietan ezin da aldaketarik egin. Konponbidea emateko lege prozedura baten bilan ari dira udaletxean eta, horretarako, Nafarroako Herri eta Kontzeju Federazioaren laguntza eskatu dute. “Hainbat irtenbide egon daitezke eta haiek Kultura Batzordean aztertu beharko dira, kontu-hartzailearen eta idazkariaren txostenen arabera.”

Bazkidetzeko deia
Haize Berriak bandako kide egin nahi duenak urtean 15 euroko kuota ordaindu behar du. Harremanetarako: bandahaizeberriak@hotmail.com