Koxka, Espainiako Kopako txapeldunordea

Guaixe 2016ko uzt. 5a, 10:46

Espainiako Kluben Arteko ANFS Espainiako Kopako finalera iritsi zen Koxka taberna, baina 2 eta 1 galdu zuen Malagako Carranque FS taldearen kontra

Asteburu honetan Espainiako Areto Futbol Kluben Arteko ANFS Espainiako Kopa jokatu da Torremolinosen. ANFS (Asociación Nacional de Futbol Sala) elkarteak antolatutako txapelketan eta kopan areto futboleko talde amateurrak lehiatzen dira. Altsasuko Koxka tabernak azken urteotan lan bikaina egin du ANFS txapelketetan. 2014an Espainiako txapelketa irabazi zuen eta horregatik 2015ean Europako UEFS Cup txapelketan parte hartzeko txartela lortu zuen. Europakoan txapeldunordeak izan ziren altsasuarrak, sekulako txapelketa egin ondoren, baina finalean Errusiako Podvodnik taldearen kontra 6 eta 3 galdu zuten. Eta 2015eko Espainiako ANFS txapelketan final laurdenetan erori ziren altsasuarrak.

Aurten ANFS Espainiako Kopan parte hartu du Koxka tabernak. Txapelketa asteburuan jokatu da, Torremolinosen eta Alhaurín de la Torren. 16 talde lehiatu dira, 4 multzotan banatuta. Koxka taberna B multzoan lehiatu da. Lehenengo taldean malagako Carranque FS taldea izan zuen aurkari eta 3 eta 1 galdu zuten altsasuarrek. Hurrengo partidan 9 eta 1 irabazi zieten Africa del Sur taldekoei eta 6 eta 1 hartu zituzten menpean Rotulos RG taldekoak. Final laurdenetan, Gasteizko txapeldunei, Electricidad Jolma taldekoei 5 eta 3 irabazi zieten Koxka tabernakoek eta finalerdietan Valladolideko Portillo taldea kanporatu zuten, 4 eta 1 irabazita.

Finalean Malagako Carrenque FS taldea izan zuen aurkari Koxka tabernak. Finala oso lehiatua izan zen eta bi taldeak parez pare aritu ziren. Koxka taberna aurreratu zen, Medinak sartutako gol bati esker, baina atsedenaldia baino lehen bana berdindu zuen Carrenque FS taldeak. Bigarren zatian kontrako falta ugari seinaleztatu zieten sakandarrei. Ez zen golik egon, eta, hortaz, berdinketa hausteko luzapena jokatu behar izan zuten. Eta arbitroek seinaleztatutako penalty bikoitz bati esker lortu zuen Carrenque FS taldeak gola sartzea, garaipenarena. Koxka berdintzen saiatu zen, atezain-jokalari formula ere erabili zuen eta bi baloi zurtoinera bidali zituen, baina Carrenquek garaipenari eutsi egin zion eta kopa irabazi zuten Malagakoek.

“Finalera helduta hura galtzea pena da, baina irabaztea oso zaila zen. Aipatu beharra dago ere arbitroak alde izan zituztela, sekulako falta pila seinalatu zizkiguten. Baina Carrenque oso talde ona da” adierazi du Koxka tabernako entrenatzaileetako bat den Jose Ramon Ramirezek. Asteburu gogorra izan da. “6 partida eta 1.00 kilometroko bidaia, pentsa. Astelehenean goizeko 6:00etan iritsi gara eta gehienok lanera joan izan behar dugu. Baina ez gara kexatzen, gustuko dugulako egiten dugu” gaineratu du Ramirezek.

Espainiako Kopako finala irabazten zuenak lortu du UEFSk antolatutako Europa 2017 txapelketan Espainia ordezkatzeko txartela. Hortaz, Carrenque FS lehiatuko da bertan. Bertan aritzea ezinezkoa balute Koxka tabernakoek izango lukete aukera.

Koxka taberna
Atezainak: Jose Retegi eta Ivan Gorriz. Jokalariak: Jonathan Medina, Arkaitz Gasco, Xabier Aiestaran, Patxi Beraza, Jonathan Higuero, Andoni Carlosena, Javi Saldise, Jorge Mayordomo eta Iñigo Amezketa. Entrenatzaileak: Miguel Barrero, David Garcia eta Jose Ramon Ramirez.