Ennecoren lehen harria

Guaixe 2016ko uzt. 8a, 09:26
Eneka Maiz Ulaiar Etxarriko alkatea zinta mozten Pello Esarte Muniainen eta Patxi Abasoloren begiradapean.

Nafarroa Bizirik fundazioak sustatzen duen Enneco, haritzaren memoria egitasmoa gauzatzeko fasean sartu da. Etxarri Aranazko Udalak fundazioari parkea egiteko lurrak 35 urterako ematea erabaki zuen azken bilkuran, garagarrilaren 21ean. Asteartean parkeko aurreneko harria jarri zuten.

Basopokale eta Danbolintxulo artean memoria parkea eraikitzen hasiko da Nafarroa Bizirik fundazioa aurki. Nafarrak protagonistak izanen dituen parkea izanen da Enneco, haritzaren memoria. Erreinua IX. mendean sortu zenetik 1620an izateari utzi arteko bilakaera jasoko du parkeak. Horretarako, historia gune monografikoak izanen dira: euskara, emakumea, mitologia eta ohiturak…

Baimenak lortu ondoren eraikuntza faseari ekinen diote orain eta hasiera irudikatzeko lehen parkeak hartuko duen Erdi Aroko dorrearen lehen harria jarri zuten asteartean. Eneka Maiz Ulaiar Etxarri Aranazko alkateak zinta moztu zuen eta haren zati bat Pedro Esarte Muniain historialariari eskaini zion. Parkea babesten duten hainbat eragile ekitaldiko lekuko izan ziren. Txaloekin despeditu zen ekitaldia eta, ondoren, proiektua bertatik bertara ezagutzeko bisita gidatua izan zen.



Sinbolismoz betea
Lajekin egindako zulo batean zegoen kutxan Nafarroa Bizirik fundazioarendako “oso garrantzitsuak diren elementuak” sartu zituzten. Sei elementu izan ziren fundazioko presidente Patxi Abasolok banaka-banaka kutxan sartu zituenak. Lehenik eta behin Nafarroako bandera, “nafarrak garelako. Berdin da Nafarroa Garaia, mendebaldeko Nafarroa… Proiektu honen alde gaudenak batzen gaituen elementua da Nafarroako bandera. Kolore anitzeko jendea. Bakoitzak uste dugu bide ezberdin bat hartu behar dugula, baina badakigu guztiok batera nora joan, Nafarroa Bizirik batera goaz.”

Artzeren Arrano Beltza poesia zuen pergaminoa ere sartu zuten kutxan. “Oso ongi laburbiltzen du zer izan zen Nafarroa. Zer nolako bilakaera izan dugun. Hainbat konturekin erne egoteko esaten digu. Hori jakiteko poesia irakurri.” Nafarroa Bizirik-en kamixeta kutxan sartuz “herri mugimendua” direla adierazi nahi izan zuten. “Enpresa proiektua eta herri mugimendua sustatuko dugu. Hori miraria izanen da eta horri esker Enneco errealitate izatea lortuko dugu. Pixkanaka hau guztia errealitate bihurtzea lortuko dugu.” Parkea sustatzen duen Nafarroa Bizirik fundazioa izen bereko herri ekimenetik sortu zela gogorarazi zuen Abasolok, “eta hori ez dugu inoiz ahaztuko.”

Nafarroa Bizirik-ek argitaratutako kantuen CDa gazteak gogoan zituztela sartu zuten kutxan: “hemen kanta pilo bat ditugu. Nahi genuke gure hurrengo belaunaldi horiek ez ahaztea alaitasuna garrantzitsua dela.” Abasolok segituan bi liburu sartu zituen. Bata, Pello Esarte Muniainen Navarra, 1512-1530. Conquista, ocupación y sometimiento militar, civil y eclesiástico liburua zen eta, bestea, Konkistak 500 urte Nafarroa Bizirik herri mugimenduak 2012an argitaratutako dibulgazio lana. “Esarte hasiera-hasieratik gurekin egon da, beste historialari asko bezala. Berak auzolan ikuspuntu batetik baloratu beharreko kontu bat egin du: jabetza pribatuari muzin egin eta jendearen, herriaren esku utzi bere ondare intelektuala”. Abasolok nabarmendu zuenez, “uztarketa polit hori Ennecon eginen dugu. Gauzak zientzia aldetik landuko dira. Baina helburua ez da jakite hutsa izanen: buruak astindu, bihotza astindu.”

Kutxan Abasolok sartu zuen azkena Etxarri Aranatz, beste 700 urte baietz! Herri antzerkia liburua izan zen. “Noski, Etxarri Aranatz. 2012an Joxi Bakaikuak esan zigun Enneco moduko egitasmo bat egiteko toki zoragarri bat zegoela. Orduko eta oraingo udal taldeak aktibo handienak izan dira. Ondoan izan ditugu etengabe. Eta haiei esker Enneco errealitate bat izanen da.” Etxarriarrak 2012ko herri dinamika “aktibo” bat izan zirela gogorarazi zuen Abasolok. Kutxa itxi ondoren fundazioko auzolanen arduradun den Carlos Lopezek eta Txumak beste laja batekin estali zuten kutxa. Pala eskutan hartuta hura lurrez estali zuten Maizek, Abasolok, Esartek, Orreaga fundazioko Koldo Amatriak eta nahi izan zuen guztiak.



Eraikuntzaz
Irailean hasiko dira parkeko eraikuntza lanak eta 2022rako despedituak nahi lituzkete, Amaiurko gatazkaren bosgarren mendeurrenerako. “Aurreratu edo atzeratuz gero, ongi. Proiektu arkitektoniko eta negozio plan serio bana dago. Eginen dugula demostratuta dago.” Harrera eraikina izanen da jasotzen hasiko diren lehen eraikuntza. “Eraikin nagusiak hartuko duen historia eta kultura gaiak hasieran harrera eraikinean izanen dira. Harrera eraikinean parkea zer izanen den ere azalduko da.” Erdoziak azaldu zuenez, “harrera eraikina teilatu beraren azpian dauden bi eraikinez osatuta dago, parkera sarrera harresi baten atea dela irudikatuz.”

Horrekin batera, Erdi Aroko garabia bat eraikiko dute. Egurrezkoa izanen da eta xaguen kaioletan izaten den antzeko borobil bat izanen du (3 metroko zirkunferentzia). Han jendea sartuko da eta bere mugimenduaren bidez 250 kilo arteko harriak jasoko dituzte. Erdi Aroko eraikuntza teknikak erabiliko dituzte garaiko dorrea jasotzeko. Ez porlanik ez ezer. Lan segurtasuna nola zaindu aztertzen ari dira.

Abasolok azaldu duenez, “guztia bio-ekologiaren ikuspuntutik eginen da. Balio handiko kontua da gaur egun energia kontuak eta horiek guztiak. Gainera, bi proiektu horiek, teknikoak eta ekologikoak, bat egin dute eta gauzak non egon behar zuten esan dute. Hori zoragarria izan da.”

Iraila bitartean guztia behar bezala nola egin antolatzen ariko dira fundazioan. Hala ere, zenbait gauza oso argi dituzte dagoeneko. Iñaki Erdozia arkitekto etxarriarrak aurreratu zuenez, “ez da zuhaitz handirik moztuko.” Sietsa ere berreskuratuko dute. Gaikako pabilioiak izanen dira eta haiekin batera parkeari bizia emanen dioten jarduerak izanen dira. Erdoziak esan duenez, “pabilioiak “nahiko txikiak dira. Egurrezkoak izanen dira inguruarekin bat egiteko. Guztiak nahiko antzekoak izanen dira, gero auzolanean nahiko erraz egin ahal izateko.”

Haiek eraikitzeko ez da zulaketarik eginen, ez da sustrairik ukituko. “Tirafondo handi batzuen moduko zimentazioa dute. Hori lurrean sartzen da eta gero egurrezko etxola horren gainean jartzen da. Ez da lurrik ukituko. Etorkizunean kendu nahi bada, desmuntatu eta hau berdin-berdin geldituko litzateke.” Etxola bakoitza bi zatitan banatuta egonen da. Bidea erditik pasako da. Zati bat biltegi gisa erabiliko da. Bestalde, etxolak dagokion gaiari buruzko edukiak hartuko ditu. Pabilioi bakoitzak kanpoan lotutako jarduerak izatea da asmoa. Parkean dagoen landare eta zuhaitzen berri ematen duten oharrak ere jarriko dituzte.

Edukiak
Memoria parkea izateaz aparte, Enneco ikastetxea izatea nahi dute fundazioan: “bertaratzen den jendea, espreski ikasleak, modu pedagogiko batean, nola lan egiten zuten eta dorrea nola eraikitzen zen ikusiko dute.” Harrera eraikina, eraikin nagusia, Erdi Aroko dorrea, paleolitoari, euskarari, emakumeari eta mitologia eta ohiturei eskainitako pabilioi bana eta erakusketa aretoa. Horiek dira jasoko diren eraikinak. Azkeneko erabilera anitzekoa izanen da. Han aldi baterako erakusketak hartzeaz aparte, eztabaida gunea eta historialari eta abarren topagunea bilakatzea nahi dute. Erdi Aroko dorreari dagokionez, Abasolok gogorarazi zuen konkistaren ondoren Cisneros kardinalak dorre guztiak (gazteluak) botatzeko agindu zuela, nafarrak burumakur nahi zituelako. “Estatalitatearen ikur ziren. 500 urte pasa dira eta egin beharrekoa egin behar dugu, bat jaso.  Sinbolikoki Cisneros horien guztien kontra karga ideologiko, politiko eta historiko izugarria izanen du.”

“Berritasuna nahi dugu, beste toki batean dagoena ez dugu hemen jarriko. Beste ikuspuntu bat eskaini nahi da.” Abasolok adibidea eman du: “esaterako, euskararen gaian ez da historiara joko. Kontzientziak ukitzeko moduan eginen da, euskarari balioa emanez, auzolanean egindako esperientziak azaldu (helduen euskalduntze alfabetatzea, ikastolak…), herri honek euskararen alde egindakoari balioa eman.” Eta gaineratu zuen: “Nestor Basterretxeak emandako eskulturak laburbiltzen duena, estatuaren zurruntasuna eta Nafarroa bizia islatzen duen xafla bihurriak. Halako elementuetako bat euskara izan da: eraztun, zaplazteko, irain eta gizarte desprestigioari aurre eginda hemen dago.”

Errekaren ondoan dagoen eta neguan euriarekin lokatz asko sortzen toki batean merenderoa eginen dute, udarako. Jarduera osagarriak han eginen dira: txondor batzuk eginen dira ikatza nola egiten zen jakiteko, tirolina batzuk jarriko dira, haurrendako jokoak…

Handik gertu kastro baskoia izanen da. Metro bat edo metro eta erdi jasoko dituzte harresiak. “Umiltasunez eginen dugu, inork ez baitaki nolakoak ziren halako kastroak. Defentsa asmoz eraikiak ziren. Lehen eraikin komuna zuten, han jateko eta beste. Familien etxola txikiak eta biltegia, jakiak gordetzen zen tokia. Animaliak ere izanen dira, beste dimentsio bat emateko.” Ardiak parkeko belarzainak izanen dira.

Kastroa egiteko lanak hasiak dira, baina gelditu egin zuten, “ongi egiteko, nola egin adostu ondoren abiatzeko.” Hura egiteko Ikastolen federazioarekin eta Sortzenekin kanpaina martxan dute, haurrak parkera joan eta bakoitzak bere harria jarri dezan. “Horrela dena eta denendako izan dadin.”

Finantziazioa
Abasolok esan zuenez, “oraintxe milioi bat euro izanez gero, dena eraikiko genuke. Baina hori ez da asmoa. Pixkanaka egin nahi dugu parkea, jendearekin ekarpenarekin.” Hilero 7 eta 14 euro arteko kuotak ordaintzeko proposamena egin dute ekimenaren sustatzaileek. Fundazioko buruak gogorarazi zuen Ennecok Mecna zigilua duela. Hau da, Nafarroako Gobernuaren Mezenazgo Legearen aitortza du. Beraz, parkearen alde diru ekarpena egiten duen guztiak errenta aitorpenean desgrabazioa izanen du. Argibide guztiak www.enneco.org web orrian daude.

Gaur egun Ennecoren 135 lagun daude Euskal Herri guztian, nafarrak gehienak. Bestalde, beste 20 sustatzailek 1.200 euroko ekarpenak egiten dituzte. Horien babesari esker orain arteko bidea egin du  egitasmoak. Hurrengo ikasturtean 1.000 Enneco lagun lortzeko erronka jarri diote bere buruari. “Jendearen ekarpen txikiekin egin nahi dugu.”

 Auzolanei esker ere aurrera egin du parkeak. Hasieratik aritu dira sakandarrak Enneco itxura artzeko lanean. Eta haiekin batera Bergara, Gasteiz, Durango, Arrotxapea edo Bilboko taldeak ere bai. Lan boluntario horren balioa aitortu zuen Abasolok ere.

60 lekuko
Estebe Petrizan (Nafarroako Gobernuko hezkuntza zuzendari nagusia); Irañetako, Uharte Arakilgo, Lakuntzako, Arbizuko eta Etxarri Aranazko alkateak; Iruñerriko udal ordezkariak; EH Bildu, Sortu, Aralar, EAJ eta Geroa Bai alderdietako ordezkariak; Josu Reparaz (Nafarroako Ikastolen Elkartea);  Sergio Iribarren (Sortzen); Gaizka Uharte (LAB); Alfonso Nuin eta Izaskun Bengoetxea (Bidelagun elkartea); Susana Mendinueta (Cederna-Garalur); Paki Urbitarte (turismo teknikaria); Pello Esarte Muniain (historialaria); Jose Ramon Anda (eskultorea); Koldo Amatria (Orreaga fundazioa); Luix Intxauspe(Udalbiltzako burua); Sakantzen Sarea eta beste hainbat izan ziren.



Batzarra
Nafarroa Bizirik fundazioak batzar orokorra egin zuen Etxarri Aranatzen larunbatean. Enneco proiektua babesten duten 30  bat pertsona elkartu ziren. Heldu den ikasturterako fundazioaren hainbat arlotan izanen den lan plangintza proposamena aurkeztu zen: fundazioaren berritzea, proiektu arkitektonikoaren planteamendua, museo proiektuaren proposamena, auzolan plangintza, ikasturte berrirako egitasmoa eta negozio plana.

Abasolok jakinarazi zuenez, patronatua eta zuzendaritza kolegiatua erabat berrituko dituzte; “zerotik abiatuko gara fase berri honetan.” Aurreratu zuenez, parkearen proiektu arkitektonikoaren ardura duen lan taldean Karmele Marañon Arbizuko alkatea, eraikuntza arloan eskarmentu handia duena, eta Iñaki Erdozia, arkitekto etxarriarra daude. “Enpresa ikuspuntua landuko duen lan-taldea izanen da. Beste bat aholkularitza juridikoan ariko da.” Unai Zeberio herri dinamikaz arduratuko da. Patxi Abasolo historialaria “gure masa grisa” dinamizatu eta ados jartzeaz arduratuko da, guztien arteko “feeling-a bilatu eta edukiak adosteaz” arduratuko da, hori



Eneka Maiz Ulaiar
Etxarri Aranazko alkatea

Udalak zergatik egin zuen bat?
Hasieratik ikusi genuen proiektu interesgarria izanen zela. Alde batetik, gure historiari, gure kulturari eta gure identitateari balioa ematen diolako. Bestetik, gauza bera egiten duelako bertako ingurumenarekin. Auzolanean eginen den proiektu bat izanen dela ere azpimarratu behar da, herritarrek herritarrendako egina.

Ennecok Etxarriri eta Sakanari zer ekarriko dio?
Lehenik, parte-hartze prozesu bateko kide izatearen balorea. Eta, gure natura, kultura eta turismo baliabideak ezagutzera emateko bidea emanen du. Orain arte horren beste nabarmendu ez den ikuspegi batzuetatik Etxarri eta Sakana mapan jarriko ditu, dudarik gabe.

35 urterako utzi diezue lurraren erabilera, zer espero duzue epe horretan gertatzea?
Gauza onak espero ditugu. Espero dugu proiektuak aurreikusitako epean bere bidea egitea. Elkarlan oparoa egotea eta Enneco Euskal Herri osorako erreferentea izatea.




Datuak
60.000 m2 azalera

Km bateko ibilbidea

10 eraikuntza

60 tona harri dagoeneko kastroa egiteko erabiliak

Milioi bat euroko aurrekontua

Erlazionatuak