Pirinioetara bigarren buelta

Guaixe 2016ko uzt. 20a, 11:15

Larrañetakoek Panticosa-Respumoso-Artouste ibilbidea osatu dute asteburuan

Uztailaren lehen asteburuan Pirinioetara jo zuten Etxarri Aranazko Larrañeta klubeko mendizaleek, Midi d´Ossau itzulia egitera. Ibilbide zoragarria osatu eta gero, asteburu honetan Pirinioetara bigarren buelta egin dute Larrañetakoek. Kasu honetan, larunbatean Panticosako bainuetxetik aterata, Respumoso aterperaino heldu, bertan gaua eman eta igandean Respumosotik Artoustera iritsi ziren. Aurrekoan bezala, Pedro Gonzalezek ibilbideko argazki ikusgarriak bidali dizkigu.

Zabalartekoak Zumaia-Deba lotzera
Lakuntzako Zabalarte klubak mendi irteera antolatu du larunbaterako. Goizeko 8:00etan aterako da autobusa Lakuntzatik. Behin Zumaian, Zumaiatik Debara 15 km inguruko ibilbidea egingo dute, besteak beste Zumaiako Flysch ezagunetik eta bertako mendi eta itsas paraje ikusgarrietatik pasatuz. Itzulerako hitzordua 18:00etan jarri dute. Autobusa eta bazkaria hautatzen duenak 20 euro ordaindu beharko ditu eta soilik autobus zerbitzua hartzen duenak 5 euro.