2016 bidea Sakanara iritsiko da

Guaixe 2016ko uzt. 22a, 09:28

Iganderako Zegama-Altsasu ibilbidea antolatu dute eta garilaren 31n Altsasu-Ataun. Izena ematea zabalik dago www.dantzalekusakana.com eta www.dss2016.eu web guneetan.

Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburua ekimenaren barruan makina bat ekitaldi antolatzen ari dira. Horietako bat da 2016 bidea. Euskal gizarteak berezkoak dituen mendizaletasunak eta kultur-zaletasunak bat egiten dute proiektu horretan. Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Iparraldea 32 etapatan zeharkatuko dituen ibilbidea da 2016 bidea. Hiria eta mendia tartekatuz, natur eta arte balio esanguratsua duten tokietatik igaroko da, eta tartean bi etapa Sakanatik pasako dira: 18. etapa, Otzaurten (Zegama) hasi eta Altsasun despedituko dena (igandean) eta 19. etapa, Altsasun hasi eta Ataunen despedituko dena (garilak 31).

2016 bidea martxoaren 27an hasi zen eta lastailaren 30ean despedituko da. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Club Vasco de Camping Elkarteak dira eragileak, eta etapa bakoitzean tokian tokiko kirol eta kultur taldeen laguntza dute, eurekin komunean lan eginez. Proiektu horren ondare gisa DSS2016EU GR Sarea sortuko da. Sare horrek Gipuzkoako 7 GR nagusiak lotuko ditu eta Natur Gune Babestu guztietan oinez egiteko aukera ematen du, jakina, ondare kulturala aberastuz.

Sakana ukitzen dituen bi etapak antolatzeko, lehenik eta behin Altsasuko Inauterien Batzordeko Jose Javier Agirrebengoarekin jarri ziren harremanetan Donostia 2016koak. Haren bidez, Dantzaleku Sakana klubeko mendi sekzioa ere sartu zen laguntzaile lanetan. “2016 bideko antolatzailea Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburua da. Gu, Altsasuko Inauterien Batzordea eta Dantzaleku Sakana, laguntzaileak gara” zehaztu du Dantzalekuko Peio Bergarak. Dantzaleku Sakanak 18. etapan lagunduko du eta Altsasuko Inauterien Batzordeak 19. etapan.

Ibilbideetan aritzera animatu dituzte sakandarrak
Ibilbide bakoitzean jarduera kulturak eskainiko dira, ingurune bakoitzeko txoko, istorio eta toki berezienak ezagutzera emateko. Igandean Zegama-Altsasu etapan Intujai antzerki konpainiak 5 antzezlan egingo ditu guztira, ibilbideko altxorrak ezagutarazteko. Eta Altsasu-Ataun etapan Altsasuko Inauteri Batzordeak Altsasuko inauteria antzeztuko du. Aipatu bi ibilbideetan izena ematera animatu dituzte sakandarrak. “Erritmo suabean joango gara, mendian gozatuz eta txokoak ezagutzeko geldialdiak eginez. Gure ingurunea ezagutzera animatzen ditugu sakandarrak, gure ohiturak eta txoko politak ezagutu ditzaten” gaineratu du Bergarak.

Izena ematea eta autobusa
Izena ematea www.dantzalekusakana.org edo www.dss2016.eu web guneetan egin behar da, ibilbide bezperara arte. 8 euro ordaindu behar dira eta kopuru horrekin autobusa, asegurua eta ibilbideko kultur ekitaldiak ordaintzen dira. Bazkaria norberak eraman beharko du.

Antolakuntzak autobus zerbitzua jarriko du. Igandean 24an bi autobus Donostiatik etorriko dira, baina sakandarrendako beste autobus bat prestatu dute. Goizeko 8:30ean abiatuko da, Altsasuko Autobus Geltokitik, mendizaleak Otzaurtera eramateko. Eta garilaren 31n, sakandarrek ez dute goizean autobusa hartu behar izango, Altsasutik aterako baita. Baina itzulerarako, aldiz, bai. Ataungo San Gregorio auzotik egingo dute itzulera autobusek eta horietako batek Altsasun egingo du geldialdia 18:20ean, ibilbidean parte hartu duten sakandarrak bueltatzeko.

dss2016.eu
Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren web gunea. 2016 bideko eta gainontzeko ekitaldietako informazio guztia.


18. etapa: Zegama (Otzaurte)-Altsasu (barre algaren mendia)
Zailtasuna: Ertaina.
Luzera: 17,3 km. Igandean

Otzaurteko bentatik 9:00etan aterako dira. Mendiclownzaleak taldearen lehenengo emanaldia izango da. GR-tik miradorera pasa eta Usuaranetik Etxegaratera helduko dira. Mendiclownzaleak taldearen 2. emanaldia izanen da han. Ondoren Balankalekuko trikuharrira igoko dira, Salsamendira, eta Mendiclownzaleak taldeak inguruari buruzko azalpenak emanen dituzte. Harrobi zaharrera jaitsiko dira segituan, eta Ulaiar gurutzatu ondoren Ponderosako pinuditik Dantzalekuko askaldegira iritsiko dira eta hortik plazara, 16:45 inguruan. Han Mendiclownzaleak taldearen azken emanaldia izanen da. Ibilbide guztian barna, aurrean, erdialdean eta atzean, Dantzaleku Sakana klubeko kideak gida lanetan ariko dira, inor ez galtzeko. “Hainbat azalpen emango dituzte: uren banatzailea, mikeleteak, Altzaniako mendizerra… gure ingurunea ezagutzeko primerako aukera izango da” adierazi du Peio Bergarak.

Plazan pintxo potea antolatu dute Dantzaleku Sakanakoek. Euren ohiko laguntzaileei esker, Amaia okindegiko ogiarekin Katealde pateak, gaztak eta ardoa dastatzeko aukera izango da. Pintxo pote bakoitzak 2 euro balioko ditu eta ateratako dirua Altsasuko Inauteri Batzordearendako izango da.

 


19. etapa: Altsasu-Ataun (mendian barna)
Zailtasuna: Txikia
Luzera: 12,5 km. Garilak 31.

Dantzalekun 9:00etan jarri dute hitzordua. Txalapartarekin harrera egin ondoren, San Joan baleontzia eraikitzeko egurrezko piezak lantzeari buruzko erakusketa eta erakustaldia izanen da bertan, Albaolaren eskutik. Ibilbidea hasi eta San Pedrotik pasa ondoren, Intxusburura igo eta bertako trikuharrian Jose Migel Barandiaran eta haren laguntzaileei buruzko antzerkia ikusteko aukera izanen da, indusketa lanak antzeztuz. Ondoren, Bernoako galtzadatik Irumugetatik pasa eta Zelatamunora iritsi (Etxarri Aranatzen) eta Altsasuko inauterien antzezpena eginen du Altsasuko Inauterien Konpartsak. Momotxorroak eta sorginak ikusteko aukera izanen da mendian.

Lizarrustiko parketxerako bideari heldu eta 14:30ak aldera iritsiko dira. Han musika emanaldia izanen da eta bazkaldu ondoren Gemma Arrugaeta argazkilari ezagunak prestatutako argazki-erakusketaz gozatzeko aukera izanen da Lizarrustiko basoan. Segidan, Lazkaora jaitsiko dira mendizaleak, autobusez. Barandiaran Museoan Jose Migel Barandiaranen bizitzari eta obrari buruzko ikus-entzunezkoa ikusteko aukera izango dute bisitariek eta, despeditzeko, Barandiaran Museoa, Errotatxo errota eta multzo hidraulikoa eta San Gregorio bisitatuko dituzte. 17:30ean bukatuko da txangoa. Ataungo mendi taldea arduratuko da mendi ibilbidea gidatzeaz.