Asier Pellejero nagusi Lakuntzan

Guaixe 2016ko abu. 31a, 07:19

Aizkolari sakandarrak –Resano, Beltza, Gorriti eta Agirre– Euskal Herriko III. Mailako Txapelketako finaletik kanpo geratu ziren

Lakuntzako festen barruan, igandean Euskal Herriko III. Mailako Aizkora Txapelketako bigarren kanporaketa jokatu zen. 14 aizkolari lehiatu ziren guztira, hiru txandatan banatuta. Bakoitzak lau kanaerdiko erdibitu behar izan zituen eta finalerako hiru txartel zeuden jokoan.

Asier Pellejerok bukatu zituen lanak azkarren (11:04). 20 segundo gehiago behar izan zituen Urteagak (11:24) eta Eneko Saralegi izan zen hirugarrena (11:38). Iban Resano finalerako sailkatzekotan egon zen, laugarrena sailkatu baitzen (11:58). Atzetik sailkatu ziren Patxi Mindegia (11:40), Goizeder Beltza (12:01), Iker Gorriti (12:38), Kintana (12:46), Olasagasti (14:12), Oregi (14:40), Otaegi II.a (15:18), Garcia (17:05), Agirre (19:04) eta Intxausti (19:12).

Lehendabiziko hirurek –Pellejerok, Urteagak eta Saralegik– urrian jokatuko den finalerako txartela lortu zuten. Aurretik daude sailkatuta Etxeberria II.a, Kañamares IV.a eta Alkizalete II.a. Lakuntzako kanporaketan aritu ziren sakandarrak –Resano, Beltza, Gorriti eta Agirre– finaletik kanpo geratu ziren.

Iker Gorriti hirugarrena Nafarroako III. Mailan
Agorrilaren 14an Nafarroako III. Mailako Aizkora Txapelketako finala jokatu zen Ezkurran. Bost aizkolari aritu ziren, lehia bizian, lehen bi postuek bigarren mailara igotzeko aukera ematen baitzuten. Bi 45 ontzako eta bi kanaerdiko mozteko lanetan Patxi Mindegia zubietarra izan zen azkarrena (9:54), Jon Telletxea (Beintza Labien) bigarrenaren aurretik (10:51). Iker Gorriti uhartearra hirugarrena sailkatu zen (11:38) eta, tamalez, bigarren mailara igotzeko aukerarik gabe geratu zen. Jesus Etxeberria (11:55) eta Jacinto Etxekonanea (14:17) izan ziren urrenak. Hortaz, Mindegia eta Telletxea izango dira bigarren mailara igoko direnak.

Resanok Nafarroako II. Mailako finala jokatuko du, Etxarrin
Agorrilaren 15ean Nafarroako II. Mailako Aizkora Txapelketaren kanporaketa hartu zuen Etxalarrek. 10 aizkolarik hartu zuten parte eta lehen bostek lortu zuten urriaren 2an Etxarri Aranatzen jokatuko den finalerako txartela. Bi kanaerdiko eta 60 ontzako bat erdibitzeko lanetan azkarrena Mieltxo Mindegia zubietarra izan zen, alde nabarmenez (7:28). Joxean Etxeberria izan zen bigarrena (8:57), Eneko Saralegi hirugarrena (9:11), Iban Resano dorrobarra laugarrena (9:19) eta Oier Kañamares bosgarrena (9:19). Bostok jokatuko dute Etxarriko Nafarroako II. Mailako finala. Juanjo Erdozia etxarriarrak zazpigarren postuan despeditu zituen lanak (9:31) eta Goizeder Beltza etxarriarrak zortzigarren postuan (9:40). Hortaz, ez da etxarriarrik lanean ariko jaioterrian jokatutako finalean.