Iosu Etxeberria Nafar Kirol Jolasen txapelduna

Guaixe 2016ko ira. 1a, 11:09

Ailetz Lasak txapelketako tartekako helmugak irabazi ditu

XXVI. Lakuntzako Saria-Sakana Fundizioa Sari nagusia jokatu zen asteartean Lakuntzako festetan, kadeteen mailako proba (60 km). Lakuntza, Arruazu, Arbizu eta Etxarri Aranatz artean burutu zen proba eta txirrindulariak makina bat aldiz pasatu ziren Lakuntzatik. Azkeneko pasa egin eta gero Lizarragako katea igo behar izan zuten eta horrek erabaki zuen lasterketa. Arabarrak taldeko Jokin Murgialdai bakarrik iritsi zen helmugara, garaipen polita ospatuz (1:26:29). 5 segundo atera zizkion mendiko proba irabazi zuen Vive taldeko Pablo Castrillori eta 22 segundo El Proex-Iturriberoko Ibai Ruiz de Arkauteri. Quesos Albeniz taldeko Ailetz Lasa izan zen lehen sakandarra, 9. postuan eta Intersport Irabiako Josu Etxeberria 10.a, biak 1:12ra. Quesos Albeniz taldeko Unai Villalobosek –sailkapenean 13.a, 1:20ra– tartekako helmugen txapelketa irabazi zuen, Intersport Irabiako Jon Gil –sailkapean 39.a, 6:16ra– izan zen probako lehen lakuntzarra eta probako talde onena Ciclos Lizarra-Irisarris izan zen. Emakumezkoetan Caf Transport Engineering taldeko Amaia Lartitegi gailendu zen.

Sakanako taldeetako gainontzeko txirrindulariei dagokienez, Beñat Etxezarreta 15.a iritsi zen, Jabier Mitxaus 18.a, Imanol Galarza 23.a, Marcos Pison 26.a, Jon Gil 39.a, Iosu Jaka 40.a, Urko Gorriti 44.a eta Unai Lizarraga 51.a.

Nafar Kirol Jolasak Etxeberriarendako
Lizarra, Villatuerta, Undiano eta Tafallako lasterketen ondoren, Lakuntzako lasterketak erabaki zuen kadeteen mailako Nafar Kirol Jolasen Txapelketa (NKJ). Intersport Irabiako Josu Etxeberriak irabazi du txapelketa (117 puntu), denboraldi bikaina egin eta gero. Mendiko maillota ere jantzi zuen Etxeberriak. Bigarrena Quesos Albeniz taldeko Ailetz Lasa izan da (113 puntu). Lasak NKJ-tako tartekako helmugen txapelketa irabazi du.

Maiza, Etxeberria, Riaño eta Izquierdo Espainiako Txapelketetara
Asteburuan Espainiako Juniorren Mailako Txapelketak jokatuko dira. Burunda klubetik Nafarroako selekzioarekin arituko dira Xabier Maiza lakuntzarra eta Asier Etxeberria, eta Errioxako selekzioarekin Juan Riañok eta Daniel Izquierdok.

Bestalde, juniorrek agorrilaren 24an lasterketa izan zuten Dicastillon. Christian Omarrek irabazitako proban (1:36:05), Burunda klubeko Quesos Albenizeko Daniel Izquierdo 10.a sailkatu zen, 3:10era. Bere taldekide Asier Etxeberria 24.a sartu zen helmugara, Alex Unzilla 26.a, Xabier Maiza 27.a, Hodei Zia 29.a eta Juan Riaño 30.a. Eta agorrilaren 29an Obanosen jokatutako lasterketan URT Velo taldeko Dorian Foulon gailendu zen (1:50:12). Quesos Albenizeko Asier Etxeberria 9.a sailkatu zen, bere taldekide Daniel Izquierdo 11.a, Alex Unzilla 20.a, Juan Riaño 21.a eta Hodei Zia 22.a.

Bestalde, eskola mailako neska-mutikoak ostiralean Miranda de Argan lehiatu ziren eta igande goizean Lizarran.