Final ikusgarria Altsasun

Guaixe 2016ko ira. 15a, 15:51

Lizarteko Sergio Samitier gailendu zitzaion Rural Kutxa-Seguros RGA taldeko Sergio Rodriguezi 87. Altsasuko Txirrindularitza Proban, esprint estuan

87.Altsasuko Txirrindularitza Proba

Sailkapena
1.Sergio Samitier (Lizarte): 3:04:11
2.Sergio Rodriguez (Rural Kutxa-Seguros RGA): d.b.
3.Julian Barrientos (Infisport): 3 segundora
28.Asier Ormazabal (Lizarte): 6:26ra
33.Pablo Villar (Telco´m): 6:33ra
53.Eneko Aramendia (Rural Kutxa-Seguros RGA): 7:55era

Talde onena
1.Lizarte: 9:12:49
2.Rural Kutxa: 9:13:43

Mendiko sailkapena
Urko Berrade (Lizarte): 8 puntu

Tarteko helmugak (2 sari)
Sergio Rodriguez (Rural Kutxa-Seguros RGA): 3 puntu
Mikel Alonso (Euskadi Fundazioa): 3 puntu


Bihotzekoa emateko modukoa. Halakoa izan zen Sociedad Deportiva Alsasuak (SDA) antolatutako 87. Altsasuko Txirrindularitza Probako finala. Lizartek, berriro ere, denboraldian izan duen nagusitasuna erakutsi zuen eta aurreratuak zeuden bost txirrindularietatik hiru sartu zituen bertan. Hala ere, Rural Kutxa talde sakandarreko Sergio Rodriguez kokatu zen hobe helmugarako, San Juan kaleko bihurgunean lehena atera baitzen, baina Lizarteko Sergio Samitierrek zuen guztia eman eta bien arteko esprint ikusgarrian gailentzea lortu zuen (3:04:11). 3 segundora Infisport taldeko Julian Barrientos sartu zen.

Ibilbide berria estrenatu zuen 87. Altsasuko Txirrindularitza Probak. Altamira hirutan eta Lizarragako portua bitan igo beharrean, aurten Altamira bostetan igo zuten txirrindulariek eta Altsasutik 10 aldiz pasa ziren guztira, probak festetan presentzia handiagoa izateko. Eta aldaketak arrakasta izan zuen. “Horrela, ibilbidea nahasiagoa izan da, kontrola ezinagoa. Hasieratik 10 korrikalarik edo egin dugu aurrera, tartean Lizarteko bost geunden, baina Altamirako bosgarren jaitsiera eta gero, Iturmendi parean bost txirrindularik egin dugu aurrera, horietatik 3 Lizartekoak. Oso final estua izan da, dena eman dugu, eta nahiz eta helmugara gaizki sartu, bihurgunetik bigarren atera bainaiz, dena eman dut eta proba irabaztea lortu dut, oso gutxigatik” adierazi zuen proba bukatu eta berehala Huescako Barbastroko Sergio Samitier txirrindulariak (Lizarte).

Eta pozik egoteko arrazoiak baditu Lizartek, denboraldi bikaina egin baitu, 29 garaipenekin. Altsasuko proban ere maila ikusgarria eman zuen taldeak, lehen bost postutan hiru gizon sartu baitzituen eta proba irabazteaz gain mendiko sailkapena (Urko Berrade) eta talde onenaren saria loru baitzituen. Bertan dabil Ziordiko Asier Ormazabal, proban 28.a sailkatu zena, 6:26ra. Bestalde, Telco´m Gimex taldeko Pablo Villar arakildarra 33.a sailkatu zen, 6:33ra, eta Rural Kutxa-Seguros RGA taldeko Eneko Aramendia 53.a, 7:55era.

Mazkiaran: “Ez dugu irabazi baina aurrean egon gara”
Penatuta, aldiz, Rural Kutxa-Seguros RGG taldeko Sergio Rodriguez. Garaipena eskuan izanda, ulertzekoa. Taldeko zuzendari Alberto Mazkiaranek azaldu zigunez, “lasterketan ongi kokatu gara. Hasierako postuetan txirrindulariak sartu ditugu eta aurrean egon nahi genuen, herriko proba izanda are gehiago. Baina Lizarte aurtengo talde indartsuena da eta bagenekien gauzak konplikatuko zitzaizkigula. Tamalez, ez dugu irabazi baina hor egon gara” azaldu zuen. Denboraldiaren balorazio positiboa egin du. “Bagenekien aurtengoa ezin zela aurrekoa bezalakoa izan, aurrekoa zoragarria izan zelako eta 7 txirrindulari profesionaletara pasatu genituelako. Aurten txirrindulari gazteagoekin aritu gara eta trantsizio moduko urtea izan da. Hala ere, Zamorako Itzulia irabazi dugu eta Espainiako Kopako bi proba irabazi ditugu, besteak beste” gaineratu zuen.

Euskaldun Torneoa, Egoitz Fernandezendako
Altsasuko lasterketak Euskaldun Torneoa erabakitzen zuen. Jorge Azanza altsasuarrak zuzentzen duen Euskadi Fundazioa kontentu zegoen, bere taldekide Egoitz Fernandezek irabazi baitu txapelketa. Txapeldunaren maillota jantzi zuen, eta txapelketako lehen nafar onenaren saria jaso zuen Rural Kutxa-Seguros RGA taldeko Sergio Rodriguezek.

Vueltatik etorri berri aritu zen Guajardo
Juan Mari Guajardok eta Eneida Carreñok gidatu zuten sari ematea. Espainiako Vueltatik eta bezperan Murtzian ekitaldi bat aurkeztetik zetorren speaker altsasuarra. 20 urte bete ditu Espainiako Vueltako speaker moduan eta herriko proban gustura aritu zen.