Telekomunikazio sare egokia eratzeko proiektua, jendaurrera

Guaixe 2016ko ira. 18a, 12:33
Telefono enpresako langileak lanean.

Heldu den asteazkenean, 17:00etan, Sakanako Mankomunitatearen Lakuntzako egoitzan.

Ibarreko telekomunikazio sareak gabezia nabariak dituela jakina da. Udalek, Sakanako Enpresarien Elkarteak eta beste hainbat eragilek askotan egoera hobetzeko eskaera egin dute. Horregatik, Sakanako Garapen Agentziatik, Guifinet Fundazioarekin elkarlanean, Sakanan telekomunikazio sare egoki bat eratzeko proiektua landu dute. Egitasmoak epe motzeko eta ertaineko ekintzak mahai gainean jarriko ditu.



Hala, asteazkeneko aurkezpenean egungo telekomunikazio eskaintza hobetzeko dauden aukerak  aurkeztuko dira. Esaterako, epe motzera wifi konexio bidezko zerbitzua sustatzea aurreikusten da, gaur egun hainbat herrik eta enpresek duten egoera negargarriari irtenbidea ematea izanik helburu. Aurkezpenean, zerbitzu hori eskainiko duten enpresak izanen dira. Epe ertainera, berriz, zuntz-optiko bidezko azpiegituren garapena sustatzeko proposamena azalduko da. Sakanako Garapen Agentziak eta Guifinetek prestatutako proiektua Nafarroako Gobernuari aurkeztu diote. Izan ere, gaur egun Nafarroako Telekomunikazio Plana lantzen ari da eta han kokatzen da.

Gonbidapena
Euren telekomunikazio aukerak hobetu nahi dituzten edo interesa izan dezaketen herritar, eragile eta enpresei irekia da aurkezpena.