Dorrao, Ergoienako Biraren abiapuntu eta helmuga

Guaixe 2016ko ira. 16a, 13:40

XII. Ergoienako Bira bihar jokatuko da, larunbatean, 17:00etatik aurrera, Dorraon

Ergoienako Bira izaten da udako oporraldien ondoren jokatzen den lehen lasterketa. Aurten ere horrela izanen da. Unanuren lekukoa Dorraok hartuko du aurten eta XII. Ergoienako Birak Dorrao izango du abiapuntu eta helmuga. Bihar jokatuko da, larunbatean, 17:00etatik aurrera. Aurretik, 16:30etik aurrera, kategoria txikikoen lasterketak jokatuko dira.

Ergoienako Bira 8,5 km-ko proba da, Dorrao, Unanu eta Lizarraga batzen dituena eta tarteka gogorra dena, ibilbide gorabeheratsu horretan makina bat aldapa gainditu behar baitira, hori bai, paisaia bikainetatik. Dorraotik abiatuta, Unanura joango dira korrikalariak, atzera ere Dorraotik pasatzeko, berriro Unanura joateko, ondoren Lizarragaraino heltzeko eta proba Dorraon bukatzeko. Proba Sakanako Kopa-Lasa Kirolak Sarirako baliagarria izango da.

Izena ematea bihar bertan
Ergoienako lasterketan parte hartu nahi dutenek egunean bertan eman beharko dute izena, proba hasi baino ordu bat lehenago. Aurreko urtean Unanun jokatu zen proba eta kategoria txikiendako probatan 51 neska mutiko lehiatu ziren. Proba nagusian 44 korrikalari lehiatu ziren eta Raul Audikana olaztiarra (33:54) eta Izaskun Beunza olaztiarra (43:34) izan ziren azkarrenak.

Dorraoko helmugatik pasatzen diren lehendabiziko hiru korrikalariek, gizonezkoek eta emakumezkoek, trofeoa jasoko dute. Gainera, ibarreko produktuen loteak zozketatuko dira parte-hartzaileen artean. Korrikalari guztiendako eta proba jarraitzera bertaratzen diren guztiendako merienda prestatuko du Dorraoko Kontzejuak. 

Aurretik txikiak
Proba nagusia baino lehen, 16:30etik aurrera kategoria txikietako lasterketak jokatuko dira Unanun, 17:00etan hasita. Benjaminak, kimuak, haurrak eta kadete eta jubenilak lehiatuko dira. Irabazleek domina jasoko dute.