Aralar klubak eta Intersport Irabiak 25 urteko elkarlana ospatzeko festa egin zuten

Guaixe 2016ko ira. 28a, 10:44

Ostegun gauean La Morean antolatutako ekitaldian 200 pertsona inguru bildu ziren

Ostegun arratsaldean Lakuntzako Aralar Txirrindularitza Klubeko arduradunak eta txirrindulariak eta Intersport Irabiako ordezkariak bildu ziren La Morean antolatutako ekitaldian, bi taldeen arteko harremanak 25 urte bete dituela ospatzeko. Izan ere, Migel Cabodevillak zuzentzen duen enpresak, Intersport Irabiak, 25 urte daramatza Aralar kluba babesten. Hain zuzen ere, taldeko babesle nagusia da kirol denda ezaguna. Halaber, 25 urte hauetako elkarlanak aurrera jarraituko duela adierazi zuen osteguneko festan.

Aralar Txirrindulari taldea 1980. urtean sortu zen, eta 1990-1991 denboraldian gehitu zen Intersport Irabia proiektura, hasiera batean emakumeen taldeko babesle modura. Emakumeen talde indartsua sortu zuten: Alicia Amezgarai, Idoia Lazkoz, Oihana Olaberria, Izaskun Erdozia, Igone Lurgain, Nerea Arrieta… Aipatzekoa da taldeak lanean daramatzan urte luze hauetan makina bat txirrindulari trebatu direla. Batzuk ezagunagoak, Javier Gartziandia, Jose Luis Arrieta, Egoi Martinez eta Gorka Verdugo tartean, eta beste batzuk ezezagunagoak, baina txirrindularitzarekin besteak bezainbat disfrutatu dutenak.

Egoi, Indurain anaiak, Urtasun, emakumeen taldekoak…
Ekitaldian, Intersport Irabiako ordezkariez eta egungo Aralar klubeko teknikari, guraso eta txirrindulariez gain, Aralarren trebatutako Egoi Martinez txirrindulari ohia egon zen, beste hainbat txirrindulari ohiekin batera: Migel eta Pruden Indurain, Jon Bru, Pablo Urtasun, David Garcia eta beste. Horretaz aparte, emakumeen taldeko kide izan zirenetako gehienak batu ziren osteguneko festara.
Jakina, egun Aralar-Intersport Irabia taldea osatzen duten txirrindulariek talde argazkia ateratzeko aukera ez zuten galdu.

Argazkiak: Intersport Irabia.