Urbasako igoera 2016

Iraola nagusi Urbasako igoerako arranpetan

Guaixe 2016ko urr. 3a, 11:25
Joseba Iraola irabazlea, bere autoaren aurrean, Flores, Villa et Egozkuerekin hizketan.

Pantxo Egozkue faboritoari gailendu zitzaion Iraola (3:13.821) eta Garikoitz Flores lakuntzarra hirugarrena sailkatu zen (3:19.076). Urbasako portuko goialdetik harritzar bat erori zen eta bi neska harrapatu zituen. Zorionez, zauriez gain ez zen ezer larriagorik gertatu

Sakandarrak Urbasako igoeran
1.Joseba Iraola (Demoncar R34+): 3:13.821
3.Garikoitz Flores (BRC B-49): 3:19.076
12.Iker Palacios (BRC 05 Evo): 3:46.348
24.Iban Lopez (R5 GT Turbo): 3:55.723
30.Garikoitz Goñi (Megane): 4:01.364
40.Joseba Aldaz (Peugeot 205): 4:09.892
43.Mikel Mendinueta (Peugeot 205 Gti): 4:11.240
49.Iñigo Zelaia (BMW 325 E36): 4:13.867
55.Aitor Fernandez (Seat Ibiza): 4:18.252

Urbasako Igoerak zale guztiak asetu zituen eta Olaztin eta Urbasan bildu ziren motor zaleek ikuskizun bikainaz gozatzeko aukera izan zuten. Izan ere, Sakana Motorsport taldeak hainbat laguntzailerekin antolatuta, 36. Urbasako Igoera jokatu zen larunbatean. 94 autok emana zuten izena eta goizean goiz hasi ziren Nafarroako Automobilismo Federazioaren egiaztapenak eta kontrolak pasatzen, 13:30ean entrenamenduei ekiteko. Horietatik 31 nafarrak ziren.

Aurten, lehenengo aldiz, lehenik eta behin, bi txandatan igo ziren ibilgailuak. Lehen txandan 45 ibilgailu inguru igo ziren, gero Olaztira jaitsi eta gainontzeko ibilgailuak igo ziren. “Lehendabizi igotzen diren autoek asistentzia gunean autoa prestatzeko denbora gehiago izan dezaten egin da hau, guztiak batera jaisten badira segituan atera behar direlako eta autoari moldaketak eta hobekuntzak egiteko astia ez baitzaie geratzen” azaldu zigun Sakana Motorsporteko kide Javier Goikoetxeak. Olaztiko kopilotua aurreko urtean pilotu moduan aritu zen Urbasan, baina aurten antolakuntza lanetan ibili da burubelarri, asteazkenean Extremadurara lehiatzea baitoa eta “denetan ezin delako egon”.

Eguraldiari dagokionez, ez zuen euririk egin baina Urbasan, goialdean lainoa izan zen nagusi goizean goizetik, eta hotza. Entrenamenduetarako lainoa desagertu zen, baina handik tarte batera lainotzen hasi zen berriro. Behean, Olaztin eta portuko lehen eremuetan, aldiz, eguraldia hobea zen. Ondorioz, zein gurpil jarri eta nola gidatu, buruhauste latza izan zuten pilotuek. “Errepidea hotza dago, gurpilak ez dira eusten. Autoa joan egiten da” zioten pilotu batzuk entrenamendua eta gero, sustu bat baino gehiago izan zutela azalduz.

Istripua
Eguraldiagatik ikusle askok Olaztin eta portuko behealdean kokatzea nahiago izan zuten, goian jartzea baino. Eta guztira, milaka ikusle bildu ziren Olazti eta Urbasako maldetan. Eta entrenamenduen ondoren gertatu zen eguneko ezbeharra. Urbasako portuko goialdean, harritzar bat askatu egin zen eta Urbasako igoera ikusten zeuden bi nesken gainean erori zen. Lasterketa gelditu egin zen, hiru anbulantzia gora igo egin ziren eta harri azpian harrapatuta geratu ziren bi neskak ateratzeko nahikoa lana izan zuten. Hanka harrapatuta geratu zitzaion neska bati eta hark zuen zauri larriena. Besteak, buruan ebaki bat egin zuen. Ospitalera eraman zituzten. “Atzo bertan eremu horretan harri erorketen arriskua egon ahal zela azaltzen zuten kartelak jarri genituen, jendea kontuz ibiltzeko. Foralak ere inguruan zebiltzan eta eremua markatuta ikusi zuten. Argazkia eta guzti atera genion. Baina gaur ez ditugu kartelak ikusi eta jendea hor kokatu da” azaldu zuen Sakana Motorsporteko ordezkari Javier Goikoetxeak.

Iraola Egozkue faborito nagusiari gailendu zitzaion
Guztia bideratu eta gero lasterketari ekin zitzaion berriro. Zaletuek zioten Pantxo Egozkue (Silver Car EF10) zela faborito nagusia, bikain lehiatzen zebilelako eta bere auto berriaren turboaren ezaugarriengatik, baina, azkenean, aurreko astean Jaizkibel Igoera irabaztetik zetorren Joseba Iraola bizkaitarra (Demoncar R34+) izan zen azkarrena (3:13.821), aurreko urteko Urbasako lasterketa irabazi zuen eta laugarren urtea Espainiako Igoeren txapelduna den Javier Villari (BRC B-49) segundo bat aterata (3:14.529) eta Garikoitz Flores lakuntzarrari (BRC B-49) 6 segundoko aldea aterata (3:19.076). Entrenamenduen ondoko lehen igoeran egin zuten denborarik onena guztiek, bigarren igoeran baldintzak okertu eta mantsoago aritu baitziren gehienak.

Flores izan zen lehen sakandarra, Iker Palacios lakuntzarra (BRC 05 Evo) bigarren sakandarra (3:46.348) eta Iban Lopez de Goikoetxea olaztiarra hirugarrena (R5 GT Turbo, 3:55.723).

Azkenean, 76 ibilgailuk lortu zuten proba bukatzea eta 10 erretiratu egin ziren. Urbasako Igoerak zaleak erakartzen jarraitzen duela argi geratu zen, beste behin, eta harri erorketaren istripuaz gain –zorionez, zaurietan geratu zen kontua–, dena ongi joan zen. Sakana Motorsportek eta laguntzaileek lan eskarga handia egin behar izan zuten guztia behar bezala antolatzeko. Mendia ere txukun eta garbi uzteko lanak ongi joan ziren.

Zenbaki saritua: 2.069
Ekitaldiari babesa emateko, 5 euroren truke sarrerarekin batera jasotako esku-orrian zozketa zenbaki bat zegoen, eta 2.069 zenbakia izan da zorteduna. Irabazleak, batetik, Los Arcoseko Nafarroako Zirkuituko pistan Kartingean aritzeko 10 minutuko 2 tanda jasoko ditu, eta, bestetik, Gasteizko Big Kartingean ibilgailu berezietan derrapeak egiteko 3 sarrera bikoitz.

Nafarroako Txapelketa: Monoplazatan Flores bigarrena, formula librean Lopez de Goikoetxea txapeldun eta Mikel Mendinueta lehen juniorra
Urbasako Igoera Sportech Iparraldeko Mendi Openerako baliagarria zen eta, horretaz gain, Nafarroako Mendi Igoeren Txapelketa erabaki zuen. Nafarroako Txapelketari dagokionez, sakandarrek sekulako maila eman dute. Monoplaza mailan Arkaitz Ordoki iruñearra izan da txapelduna, Garikoitz Floresen eta Iker Palaciosen aurretik. Aldiz, turismoen mailan Urdaxeko Iban Blanco gailendu da eta Mikel Mendinueta arbizuarra izan da hirugarrena. Hain zuzen ere, Mikel Mendinueta dugu Nafarroako Txapelketako lehen juniorra. Eta, bukatzeko, Formula Librean Iban Lopez de Goikoetxea olaztiarra izan da Nafarroako txapelduna. Zorionak guztiei.