Konponketa, birziklatzeko beste modu bat

Guaixe 2016ko urr. 14a, 12:46

Etxean hautsita dauden gauzak dituztenak eta haiek konpontzen dakitenak elkartu nahi ditu Kafe Konpondu ekimenak. Hurrengo bost asteazkenetan, 18:00etatik 20:00etara, Gure Etxea eraikineko lehen solairuko gela batean elkartuko dira.

Altsasuko Udalaren jardueren eskaintzaren barruan ekonomia-garapenari buruzko atala dago eta Kafe Konpondu jarduera eskaintzen du. Batuta elkarteak, Sakanako birziklatze laborategiak, gidatuko du jarduera. Kafe Konpondu hori zer den azaldu digu Javi Bergarak.

“Bi helburu ditu. Batetik, aldamenekoekin harremanak egitea. Horretarako, behar bada kafetxo bat, infusio bat edo zerbait behar dugu. Bestetik, etxean hautsita dauden gauzak konpontzea. Konponduz haien bizitza luzatzen saiatzea. Ez dadila izan soilik eraman eta norbaitek katxarroa konpontzea. Baizik eta etxean botatzeko zeuden gauzak zuk zeuk konpontzea, laguntzarekin”.

Holandan sortutako ekimena da Kafe Konpondurena. Berrerabili, birziklatu eta kontsumoa murriztea filosofiaren barruan kokatzen da. Jendearen pentsaeran eragin nahi duen jarduera da:  “Ezin gara gaurko erritmoan bizi: gauzak erosi eta bota, erosi eta bota. Ez dago lehengai nahikorik. Eta, agian, ez dago horretarako dirurik”. Txipa aldatu beharra dagoela aldarrikatu du: “batzuetan hautsitako gauzak konpontzea tontakeriak dira, baina nola egin jakin behar da. Edo tresnak behar dira”.

Egitura autonomo bihurtzeko jaioa
Horretarako toki baten beharra dagoela nabarmendu du Bergarak: “etxean hautsita daukazuna eraman eta, gutxienez, han konpontzen saiatzeko. Eta bide batez konponketa nola egin ikasteko”. Sakanako birziklatze laborategiak Kafe Konponduko hasierako bost saioak gidatuko ditu. Baina Bergarak gaztigatzen duenez, “ez da ikastaro arrunt bat. Espazio bat da. Batzuk hautsitako gauzak eramanen dituzte eta dakitenek nola konpondu azalduko dute”. Horretarako, elektrizitateaz, zurgintzaz, iturgintzaz, joskintzaz… dakiten boluntarioak egon beharko lukete. Harremanak sortzearen inguruan, Bergarak adibidea eman du: “ezin duzu hautsita dagoen bainuontzia eraman, baina konpontzen dakiena etxera joan daiteke”. Hasierako saioek ere Kafe Konponduren funtzionamendu autonomoa zehazteko balioko dute. “Denen artean espazio hori nola kudeatuko den zehaztuko dugu”.

Baina, Bergarak azaldu duenez, “etorkizuneko ametsa da herriko jendea elkartzeko toki bat lortzea litzateke. Eta hara bi pertsona mota joatea: gauzak konpontzen dakitenak, ordu bat edo aldamenei erakusten eskainiko duena batetik. Astean edo hilabetean behin? Maiztasuna zehaztu beharko litzateke. Eta, bestetik, etxean apurtutako gauzak dituzten eta eramaten dituzten pertsonak. Altsasuarrak edo sakandarrak leku batean elkartzea eta auzolanean aritzea”.  Sakanan herriz herri Kafe Konpondu saioetara joan liteken prestatutako furgoneta bat, “zergatik ez”, galdetu du Bergarak. Ideia martxan jartzeko espazioa uzteagatik Altsasuko Udalari eskerrak eman dizkio.