Enduroko Sei Egunak: Mugika 31.a sailkatu da C1 mailan eta Berazak ezin izan zuen proba bukatu

Maider Betelu Ganboa 2016ko urr. 20a, 11:49

Irañetakoari motorra apurtu zitzaion eta altsasuarra, aldiz, aurreikusi baino hobe ibili zen

Aurreko astean jokatu ziren, Los Arcoseko Nafarroako Zirkuituan, 2016ko Enduroko Sei Egunak edo ISDE (International Six Days Enduro), mundu mailako enduro proba garrantzitsuenak direnak, Enduro Olinpiadak. Asteartean hasi eta igandean despeditu ziren. Munduko 33 herrialde ordezkatu zituzten 600 pilotu baino gehiago lehiatu ziren bertan. Pilotuek hiruko edo lauko taldeak osatu zituzten eta guztira 1.000 km-ko ibilbidea egin behar izan zuten, sei egunetan. Estatu Batuetako selekzioa izan da Enduroko Sei Egunen txapelduna. Taylor Robertek irabazi zuen lasterketa, eta taldeka Estatu Batuak izan dira onenak. Emakumezkoetan australiarrak izan dira txapeldunak, Espainiako selakzioaren aurretik.

Unai Mugika gustura
Lehiatu ziren pilotuen artean 9 nafar zeuden, bi sakandar tartean, Marcos Beraza irintarra eta Unai Mugika altsasuarra. “Enduroa maite dugunondako summuma da ISDE, bizitzan behin egin beharreko gauza, ahal izanez gero. Eta aurten etxean bertan jokatu zenez bertan aritzera animatu gara” adierazi digu Mugikak. Helburua enduroaz disfrutatzea eta ahal izanez gero proba bukatzea zen. Unai Mugikak Larragako Iker Artxankorekin eta Azagrako pilotu batekin osatu behar zuen taldea, baina Azagrakoak ezin izan zuen aritu eta Manuel Mazoy andaluziarra jarri zuten bere partez. “Ez genuen pilotu andaluziarra ezagutu ere egin, probaren lehendabiziko egunean erretiratu egin zelako. Ikerrek eta nik jarraitu genuen, baina larunbatean, azkenaurreko egunean, erorikoa izan zuen berak eta lepauztaia apurtu zuen. Taldetik bakarra geratu nintzen, baina Sei Egunak bukatzea lortu nuen eta hori, niretako, handia izan da” adierazi du Unai Mugikak.

Maila bikaina eman du pilotu altsasuarrak. Bere mailan, C1 mailan, sailkapen indibidualean 31.a sailkatu zen Mugika, 120 pilotu ingururen artean. Taldekako sailkapenean, aldiz, bere taldea azken aurrekoa sailkatu zen, beste bi taldekideak erretiratu egin zirelako. “Sekulako esperientzia izan da, gogorrago egingo zitzaidala uste nuen. Baina uste dut munduko onenen artean egoteak, Enduroko Olinpiadetan, airea eman zidala. Proba bukatzearekin konformatzen nintzen, baina 31.a sailkatzea ez nuen espero eta oso kontentu nago. Eskerrak eman nahi dizkiet asistentzian eta prestaketetan lagundu didaten guztiei” adierazi digu altsasuarrak.

Denboraldi bikaina darama Unai Mugikak. Espainiako Enduro Txapelketan laugarrena sailkatu da bere mailan, Senior B mailan. 27 segundogatik ez da podiumera igo altsasuarra. Espainiako Cross Country txapelketan, aldiz, laugarren postuan dago.

Marcos Berazaren motorraren matxura
Aldiz, Enduroko Sei Egunak ez dira Marcos Berazarendako horren gozoak izan. Irintarrak Sergi Casain katalandarrarekin eta Jaime Perez andaluziarrarekin osatu zuen taldea, C2 mailan. Lehen egunean ongi aritu zen, baina bigarren egunean hasi ziren arazoak. Erorikoa izan zuen Berazak, eta 23 minutu galdu zituen. Hirugarren eguna salbatu zuen irintarrak baina laugarrenean, tamalez, arazoak iritsi ziren berriro. Beraza motorra ezin arrankatu ibili zen, motorrari bultzaka, eta 3 orduko penalizazioa jarri zioten. Eta azken aurreko egunean, larunbatean, motorra arrankatzea lortu zuen, baina proba hasi eta tarte batera motorraren aurreko zenbait arradio apurtu zitzaizkion eta erretiratu egin behar izan zen. “Enduroko Sei Egunak bukatutzat ematen ditut… zortea ez dut lagun izan. Eskerrik asko babesa eman didazutenei” azaldu zuen sare sozialetan.

Enduroaren, motokrosaren eta cross countryaren ezberdintasunak
Motokrosa: Motokrosean dabiltzan motorrak soilik itxitako zirkuituetan erabili ahal dira. Lasterketa motz eta indartsuak dira, 20 minutuko bi tanda gehi bi bueltakoak.

Enduroa: Enduroko motorrak legeztatuak dira, zirkuituan eta zirkuitutik kanpo erabili daitezke. Enduroko lasterketak ez dira zirkuitu itxian egiten, bidexka eta xendetatik baizik, eremu irekian. Lasterketa luzeak dira, 60-70 km-ko buelta egitea, esaterako, edo zehaztutako eremuari 3 buelta ematea. Ibilbidean 3 espezial egoten dira: kronometratutako gunea, krosaren antzeko beste gune bat eta extreme moduko gunea, mota guztietako oztopoekin.

Croos Countrya: Enduroaren antzeko ibilbidea da, baina itxitako zirkuitu luze batean burututakoa. Bi ordu eta erdiko iraupena izaten du. Erresistentziako proba.