Gozagarria

Guaixe 2016ko aza. 3a, 16:26

Flirt-art ikuskizunetik pozik atera zen jendea astelehenean. Gozamenez programaren 15 urteurrena ospatzeko eszena-tokian bat egin zuten Haize Berriak bandak, Zirika Zirkusek eta Zirkus blai zirku gazte taldea. Pantxika Lamur izan zen publikoaren eta sortzaileen artean zubi lana egin zuena, aurrera eta atzera ibiliz, umorez beti bezala. Lamur berak, akrobatek eta malabaristek Luis Orduña zuzendariak eta bandako kideek elkarri eragin zioten. Emanaldiarekin eta ondorengo auzatearekin pozik gelditu zen jendea.

Sakanako Gozamenez batzordetik adierazi dutenez, astelehenekoaren ondoren “poz-pozik” daude, “oraindik liluratuta” daudela, “hain berezia izan zen. Inoiz ahaztuko ez dugun zuen maitasuna sentitzen dugu”. Ikuskizunera joandakoei eta bestelako laguntzaileei esker “Gozamenez programarekin segitzeko gogoari eta ilusioari” eusten diotela nabarmendu dute. Horregatik, pertsona horiei guztiei esker ona azaldu diete, “zure konplizitaterik gabe, zure sormenik gabe eta konprometitzeko duzun gogorik izan gabe, ez zen posible izango astelehenean eta 15 urte hauetan bizitako guztia”.