Alex Sarduiren eleberria irakurtzeko gonbidapena

Guaixe 2016ko aza. 3a, 19:28

Idazlea irakurleekin elkartuko da abenduaren 15ean, 10:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean.

Alex Sardui musikari bizkaitarrak Esan eta egin (2013, Baga Biga) nobela du kalean. 1950eko eta 1960ko hamarkadetan kokatuta, lau umeren istorioa kontatzen du, umetatik nagusi egiten diren arte. Nagusi egitean, negozioetan murgiltzen hasten dira, eta zenbait enpresa sortzen dituzte; beti laurak batera. Kuadrilla hitzak haiendako zer esan nahi duen aurkituko du irakurleak liburuan.

Sardui bere liburuaren Sakanako irakurleekin biltzeko ideia Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuaren, AEK-ko Itsasi euskaltegiaren eta Sakanako Maintzakide programarena izan da. Liburua irakurri eta idazlearekin iritziak partekatzera gonbidatu gaituzte.

Alex Sardui
Zutabeak eta kantuen hitzak idatzi izan baditu ere, Alex Sarduik (Gernika, 1966) musikaritako du bere burua, horrelaxe baita ezaguna Euskal Herrian. Gatibu taldeko kantariak aspalditik zuen barruan zuen istorio bat kontatzeko gogoa, eta Esan eta egin lanarekin egin zuen debuta. Sarduik azpimarratu du literatura konplikatua egiteko joera dagoela azken aldian eta berak literatura irakurterraza egin nahi izan duela, literatura mota hori faltan botatzen duelako.