Cidek elkarbizitzarako saioan lekukotza eman zuen

Guaixe 2016ko aza. 10a, 19:37
Mahai-inguruetako parte-hartzaileak. Atzean, eskuinean, Julia Cid.

Foro Sozialak antolatuta, Nafarroan elkarbizitza eraikitzen jardunaldia hartu zuen Nafarroako Parlamentuak ostiralean. Bi mahai-ingurutan indarkeria mota desberdinak jasan dituzten pertsonak elkartu ziren: senideren bat galdu dutenak, ETAren mehatxupean bizi eta bizkartzaina izan zuten hautetsiek, torturatuak, jazarpen bortizkeria pairatu zutenak eta dispertsatutako presoen senideak. Foro Sozialeko Fernando Armendarizek azaldu zuenez, saioarekin “indarkeria gertutik bizi dutenei, epaituak izan gabe, hitz egiteko eta entzunak izateko konfiantzazko espazio bat” eskaini nahi zien. Armendarizek gaineratu zuenez, saioan zeuden guztiek “esperientzia mingarri bat dute. Sufrimentu pertsonal eta transferiezina, gehienetan oso bizia”.

Bigarren mahai-inguruak jendarte zibila, elkarbizitzaren motorra izenburua zuen eta hartan Aitziber Berrueta, Jose Luis Uriz, Ana Fernandez, Oihan Ataun, Txema Jurado, Mercedes Sanchez, Eneko Etxeberria, Jose Ignacio Meijide eta Julia Cidek parte hartu zuten. Cidek, Altsasuko zinegotzi sozialista ohiak, bere bizipenak azaleratu zituen: hautetsi zela bizkartzaina izatearena eta semea ETArekin lotutako akusazioagatik hiru urtez preso egoteak ekarri diona.

Parlamentuko bilkura gelan 120 bat pertsona elkartu ziren: parlamentariak (UPN eta PP salbu) eta hainbat nafar ezagun eta anonimo izan ziren. Han zeuden, besteak beste, Lakuntzako Mikel Arregi zenaren senideak. Bukaeran, Foroko kideek nabarmendu zutenez, “denak gara bakea egiteko beharrezko”. Aldi berean, “gizarte osoa hartuko duen eta jendartea protagonista den egia, justizia eta adiskidetze prozesu zabal integralaren alde” agertu ziren. Horrekin batera, “gertatutakoa ukatu gabe, kontatzeko eta oroitzeko modu anitzak errazteko” aholkatu zuten, “guztien autokritika sustatuz”. Biktima eta giza eskubide guztien urraketen datu base osoa sortzearen alde agertu ziren.

Bigarren lerroan, ezkerreko aurreneko biak, Mikel Arregiren senideak.