Patata bilketa egina

Guaixe 2016ko aza. 10a, 19:15

Iruñeko Alegria peñako 13 kide atzo Sakanaren zati handi bat zeharkatu zuten Patata operazioaren 54. edizioan. Lehortearekin ez da patata uzta handirik izan eta peñakideek nabaritu zuten. Hala ere, jasotakoarekin pozik bueltatu ziren Iruñera, Hermanitas de los Pobres egoitzara. Haien biltegia sakandarrek emandako 1.800 kilo patata, intxaur, kalabaza, tipula, sagar, babarrun eta besterekin bete zuten. Horretaz aparte, 384 euro jaso zituzten. Fernando Setoain peñakideak esan digunez, “jendeak urte txarra izan dela gaztigatu digu, baina mojak oso pozik daude eta sakandarrak zoriondu dituzte”.

Pasarteak eta deia
Patxi Urtasun peñakideak 40 urte daramatza Patata operazioan parte hartzen eta hainbat kontakizun jakinarazi zizkigun. Esaterako, gaur egun Urdiainen etxez etxeko bilketa egiten dute. Baina garai batean patata guztiak elizan jasotzen zituzten, apaizak bilketaren dataz urdindarrak gaztigatzen zituen mezan eta haiek eliz atarian uzten zituzten.

Urtasunek Etxarri Aranazko beste gertakari bat gogorarazi digu. Aspaldi bazegoen urtero patatak ematen zituen emakume bat. Peñako emakume txiki eta argal bat beregana joan omen zen pentsatuz  etxarriarrak ez zizkiola kilo asko emanen. Bizkarrean zakua jarri eta kargarekin lurrera erori zen iruindarra, 50 kilo patatako zakua gainean zuela. Urtasunek dioenez, Arbizu Patata Operazioko “gotorlekua” da: “izugarri jasotzen dugu. Badirudi jendea itxoiten egoten dela aldemenekoak zer atera gehiago emateko”.

Uharte Arakilgo pasarteak ere gogoan ditu Urtasunek. Garai batean gurdi bat jartzen zuten eta uhartearrek han uzten zituzten patatak. Azken urteetan Donibane jubilatu elkarteko kideak arduratzen dira mezua zabaltzeaz. Egoitzan eta herrian barna jasotzen dituzte patatak. Aurten 900 kilo, barazkiak eta 70 euro eman zizkieten. Peñakideek jubilatu elkartearen eta, bereziki, Eduardo Gonzaloren laguntza eskertu dute. Sakanako jubilatu elkarte guztiei uhartearren moduan egiteko eskatu diete, “laguntza handia izanen litzateke guretako” esan du Setoainek.

Urtasunek emakume sakandar batek egiten duena gogoko du. Ez zaio dirua ematea gustatzen, ez da fido. Beraz, laguntzeko bere erosketako zati bat ematen duela jakinarazi digu: makarroiak, arroza edo dena delako. Urdiainen, bestalde, olaztiar bat zain zuten. Zaku bete intxaur eman zien. Jende askok denetarik ematen diela nabarmendu zuen peñakideak, esker onez.