Ikastolatik unibertsitatera aitona-amonekin

Guaixe 2016ko aza. 17a, 18:00

Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren XVI. Astea ospatu zen ostiral goizean. Hori dela eta, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), Zientzia eta Teknologiarako Espainiar Fundazioaren (FECYT) laguntzaz, hainbat jarduera antolatu zituen. Euskarazko jardueretako batean, Aitona-amonarekin Unibertsitatera, Iñigo Aritza ikastolako DBH 4ko bost ikaslek eta haien aiton-amonek parte hartu zuten. Zehazki, landareen fotosintesiari buruzko lantegi batean parte hartu zuten.

NUPeko Natura Ingurunearen Zientzien Saileko Joseba Aldasoro Galan, Miriam Gil Monreal eta Amaia Seminario Huarriz ikertzaileek gidatu zuten lantegian. Burundar gazte eta helduak zenbait landare (ilarrak, artoa, garagarra, letxuga gorria eta espinakak) erabili zituzten fotosintesia aztertzeko. Fotosintesia hostoetan gertatzen da: klorofilak, eguzki-argia harrapatzen duen landare-pigmentu nagusiak, eta hostoek xurgatutako karbono dioxidoak azukreak produzitzen dituzte, eta horixe da, hain zuzen, haien elikagaiaren oinarri nagusia. Prozesu horretan, oxigenoa ere ekoizten da, eta hostoek askatzen dute.

Ikasleek eta adinekoek fotosintesia hobeki ezagut zezaten zenbait esperimentu egin zituzten laborategian: likido-kromatografia, landareetako pigmentuak bereizteko; mikroskopioaren bidez kloroplastoak eta estomak behatu; almidoia (landareen erreserba-konposatu bat) tindatu; eta fotosintesia neurtu.