Ahal Duguk Nafarroaren eguna “elkartasunagatik” Altsasun ospatuko du

Guaixe 2016ko abe. 2a, 13:56

Ahal Duguko idazkari nagusi Laura Perezek adierazi duenez, Nafarroaren eta Euskararen egunean “
gure herrien duintasuna ospatu nahi dugu, Mendialdetik Erriberara, gure aniztasunaz harro, eta desberdinekiko errespetuan”. Perezek gogorarazi du larunbateko manifestazioan izan zirela Altsasun eta “benetako arrakasta” izan zela, “probokazioei eta herri oso bat kriminalizatzeko saioari tinko eta isiltasunaren indarrarekin erantzunez; izan ere, demokrazian aurrera egiteko bide bakartzat bakea eta elkarbizitza defendatzen duten indar sozial eta politiko guztiak bildu ziren bertan”.

Perezek gaineratu duenez, “indarkeria tresna gisa erabateko ardurarik gabe erabili nahi dutenen aurrean erantzuna bat eta bakarra da, elkartasuna”. Horregatik, aukeratu dute Altsasun “nafar guztion batasuna islatzen duen eguna. Hain egun berezia, herri kementsu honekin bat egin nahi dugu, altsasuarrekin konpartitu”.

Larunbat eguerdirako etorriko dira Ahal Duguko Nafarroako kideak Altsasuara. Jakinarazi digutenez, Euskararen eguneko ekitaldia ikusi, herriko giroaz disfrutatu, poteatu eta frontoian bazkalduko dute. Bazkaria Paris 365k emanen die eta, ondoren, Laura Perez idazkari nagusiak hitza hartuko du. Ospakizunak dantzaldiarekin despedituko dituzte. Ahal Duguk “jende guztia ekitaldian eta dantzaldian” parte hartzera animatu du.