Klinikarendako diru-saila aurreikusi baino handiagoa izanen da

Guaixe 2016ko abe. 15a, 19:57

Parlamentuak 120.000 euro gehiago ematea onartu du, beraz, aurten baino 250.000 euro gehiago jasoko ditu 2017an.

Nafarroako Parlamentuko Ogasun eta Finantza Politika Batzordeak Nafarroako aurrekontuen lege proiektuari aurkeztutako emendakinak aztertzen ari da egun hauetan. Departamentu bakoitzaren aurrekontua kontuan izanik, sailka aztertzen dituzte taldeen proposamenak. Atzo egindako bilkuran,esaterako, osasun arlokoak aztertu zituzten.

Haietako bat Josefina Arregi klinikari diru gehiago emateko emendakina zen. Gobernuari eusten dion laukoak proposatu eta talde guztiek aho batez onartu zuten. Aurrekontuen zirriborroan aurreikusia zeuden 130.000 euroei 120.000 euro gehiago gehitu zaizkio, 250.000 euro gehiago. 2017an guztira 1.550.950 euro jasoko ditu klinikak.

Diru kopurua handitzearekin “klinikak duen kontzertuak aurreko urteetan izan duen diru-laguntza eskasa arindu nahi da”. Aldi berean, Nafarroako Parlamentuak klinikaren inguruan onartutako azken mozioa betetzen da. Haren arabera, osasun publikoarendako ezinbesteko baliabidea da klinika eta gobernuak “beharrezko dirua eman behar dio, dementzien eta alzheimerraren inguruan dauden beharrak eta klinika publiko bihurtzeko aukerak aztertzen dituen bitartean”.