Tourra, Movistar Team taldearen helburu

Guaixe 2017ko urt. 26a, 09:40

Asteazkenean aurkeztu zuten 2017ko Movistar Team taldea. Jose Luis Arrieta zuzendariak, Imanol Erbitik eta Gorka Izagirrek bertan jarraitzen dute

Tourra. Hori izan zen asteazkenean Madrilen aurkeztu zuten 2017ko Movistar Team taldearen helburu nagusia. Eusebio Unzue manager orokorrak behin eta berriz aipatu zuen helburu hori, Nairo Quintanarekin Tourra irabazi nahi dutela. Quintanari egutegi estua jarri diote, lehendabiziko Giroa eta gero Tourra osatuko baititu, baina zalantza guztiak uxatu zituen Unzuek: “Nairok Giroa egingo du gure barneko datuen arabera, Giro on bat eginda ere, Tourrerako hautagai nagusietako bat izaten jarraituko duelako”.

Sakandarrak
Tourraren helburu nagusiaz gain, parte hartzen duten lasterketa guztietan aurrean egotea eta talderik onena izatea, horiek beste asmoak. Quintana eta Valverde taldeburuei laguntzeko egongo diren txirrindularien artean Hiriberriko Imanol Erbiti eta Ziordian bizi den Gorka Izagirre daude. Bestalde, zuzendari lanetan jarraituko du Jose Luis Arrieta uharte arakildarrak.