Zilarrezko Binakakoa: Bakaikoak galdu eta Martijak gaur jokatuko du

Guaixe 2017ko urt. 30a, 12:09
Julen Martijak gaur jokatuko du.

Errandoneak eta Martijak Arteaga eta Erasun izango dituzte gaur aurkari Tolosan

Zilarrezko Binakako Txapelketan 3. jardunaldia jokatzen ari da. Igandean Ogetan jokatutako lehian, Lasok eta Iturriagak 22 eta 6 irabazi zieten Joanes Bakaikoari eta Ladis Galarza ordezkatu zuen Apraizi. Etxarriarrak eta larraundarrak oraindik ez dute punturik bildu.

Aldiz, orain arte jokatutako bi partidak irabazi dituzte Etxeberriko Julen Martijak eta Errandoneak. Gaur, Arteaga eta Erasun izango dituzte aurkari Tolosan, 16:30ean hasiko den jardunaldian, eta ea euren 3. puntua lortzen duten.

Ostiralean Bakaikoa Etxarrin
Zilarrezko Binakako Txapelketako 4. Jardunaldiko partida bat Etxarri Aranatzera etorriko da. Joanes Bakaikoak etxean jokatzeko aukera izango du. Ladis Galarza taldekide duela, Dario eta Jaunarena izango dituzte aurkari.
Aldiz, Julen Martijak eta Errandoneak ostiralean jokatuko dute, Donostiako Atano III.ean, 22:00etan hasiko den partidan (ETB1). Laso eta Iturriaga izango dituzte aurkari.