Binakakoa: punturik ez Ezkurdiarendako eta Zabaletarendako

Guaixe 2017ko ots. 6a, 11:42

Irribarriak eta Rezustak 22 et a18 irabazi zieten Ezkurdiari eta Merino II.ari eta Olaizola eta Untoriaren kontra 22 eta 14 galdu zuten Elezkanok eta Zabaletak

Binakako Txapelketako hasierako ligaxkako 10. jardunaldiak ez du gauza onik ekarri bertan lehiatzen ari diren sakandarrendako. Ostiralean, Donostian, Irribarriak eta Rezustak 22 eta 18 irabazi zieten Ezkurdiari eta Merino II.ari 489 pilotakada izan zituen partida estuan. Liderrek bere garaipena pilotakada ugari eta indartsuetan oinarritu zuten. Hasi eta berehala Merino II.a lehertzeari ekin zioten. Hasieran ongi eutsi zuen errioxarrak, eta Ezkurdiaren laguntzarekin, hasierako eraso horri eustea lortu zuten. Baina, gutxinaka, Irribarriaren eta Rezustaren pilotakada indartsuek eragina izan zuten eta, azkenean, jokoz kanpo utzi zuten Merino. 21 eta 14 aurreratu ziren liderrak. Ezkurdiak ez zuen amore eman eta lau tanto segidan egin zituen. Baina Irribarriak tantoa egin zuen eta garaipena lortu. Irribarriak eta Rezustak euren 8. puntua lortu zuten, finalerdietarako sailkatzea ahalbideratzen diena; aldiz, lau punturekin jarraitzen dute Ezkurdiak eta Merino II.ak.

Bestalde, igandean, Bilbon, Aimar Olaizola eta Alvaro Untoria izan zituzten aurkari Danel Elezkanok eta Jose Javier Zabaletak. Atzokoa ez zen Aspekoen eguna izan. Biak ez ziren euren mailan aritu, inondik inora. Aurreko koadroetan Olaizola II.a primeran aritu zen, hasieratik. Atzeko koadroetan Jose Javier Zabaletak dominatuko zela aurreikusten zen, baina ez zen hala izan era horrek airea eman zion Olaizolari. Elezkanok ere ez zuen tantoak ohi dituen bezala bukatzen jakin. Etxarrengoak ohi baino akats gehiago egin zituen eta nahiz eta pilotakada ikusgarriak jo, ez zuen ohiko erregulartasuna izan. Deseroso aritu zen arakildarra, iparra aurkitu ezinik eta ez zuen dominatu. Alvaro Untoriak azken jardunaldietan gora egin du eta ongi aritu zen atzo. Horrela, hasieratik aldea atera zuten Olaizola II.ak eta Untoriak eta, azkenean, 22 eta 14 gailendu ziren. Aimar Olaizolak une kritikoetan gailentzeko duen dohaina erakutsi zuen beste behin.

Sailkapena
Irribarriak eta Rezustak 8 puntu dituzte eta finalerdietarako sailkatuda daude. Artolak eta Albisuk 6 puntu dituzte eta 5 puntu dituzten hiru bikote daude: Elezkano II.a-Zabaleta, Olaizola II.a-Untoria eta Bengoetxea VI.a-Larunbe. Ezkurdia-Merino II.ak eta Altuna III.a-Barriolak launa puntu dituzte eta Urrutikoetxeak eta Imazek hiru. Hasierako ligaxka despeditzeko hiru partidaren faltan, oraindik asko dago erabakitzeko.

Irabaztera derrigortuta
Binakako final erdietarako sailkatzeko irabazi beharrean daude pilotari sakandarrak. Larunbatean dagoeneko final erdietan dauden Irribarria eta Rezusta liderrak izango dituzte aurkari euren seigarren puntua lortu nahi duten Elezkano II.ak eta Zabaletak. Eta, igandean, euren 7. puntua nahi duten Victor eta Albisu menpean hartu beharko dituzte finalerdietan egoteko aukerak izateko 4 punturekin irabaztera behartuta dauden Ezkurdiak eta Merinok. Zalantzarik gabe, emozioz betetako jardunaldia.

Binakakoa: 11. jardunaldia
Olaizola II.a-Untoria / Bengoetxea VI.a-Larunbe (ostiralean, 22:00etan, Urdulizen. ETB1)
Urrutikoetxea-Imaz / Altuna III.a-Barriola (larunbatean, 17:45ean, Markinan)
Irribarria-Rezusta / Elezkano II.a-Zabaleta (larunbatean, 17:45ean, Labriten. ETB1)
Ezkurdia-Merino II.a / Victor-Albisu (igandean, 17:00etan, Tafallan. ETB1)