Binakakoa: irabazten badute finalerdietan egongo dira Zabaleta eta Ezkurdia

Guaixe 2017ko mar. 3a, 11:56
Ezkurdia-Merino II.a eta Elezkano-Zabaleta, material aukeraketa batean. Finalerdietan egoteko irabaztearekin nahikoa dute bi bikoek.

Binakako hasierako ligaxkako azken jardunaldia hil ala bizikoa izanen da

Aurretik programatuta ere, ez litzateke horrenbeste emozioko txapelketa aterako. Izan ere, Binakako Pilota Txapelketarako finalerdietarako soilik Irribarria eta Rezusta daude sailkatuta (11 puntu). Bengoetxeak eta Larunbek 7 puntu dituzte, baina oraindik ez dira sailkatu, eta 6 puntu dituzten 5 bikote daude: Elezkano-Zabaleta, Ezkurdia-Merino II.a, Olaizola II.a-Untoria, Artola-Albisu eta Urrutikoetxea-Beroiz. Hortaz, asteburu honetan jokatuko den azken jardunaldiak erabakiko du zein izango diren finalerdietan egongo diren hiru bikoteak.

Hortaz, jokatuko diren lau partidak lau final izango dira. Sakandarren kasuan, Ezkurdia eta Merino II.ak jokoan ezer ez duten Altuna II.a eta Barriola dituzte aurkari igandean Logroñon. Irabazten badute finalerdietarako sailkatuko dira. Eta Astelehenean, 7 puntu dituzten Bengoetxea VI.a eta Larunbe dituzte aurkari Elezkanok eta Zabaletak. Etxarrengoak Zaratamokoak irabazten badute, finalerdietarako sailkatuko dira. Eta, gainontzekoek egiten dutenaren arabera, galduta ere finalerdietan egoteko aukera dute Bengoetxea VI.ak eta Larunbek.
Beste bi partidei dagokienez, Irribarriak eta Rezustak Urrutikoetxea eta Imaz menpean hartzen badituzte, aukerarik gabe utzi ditzazkete. Eta Olaizola II.a-Untoria eta Artola-Albisu bikoen arteko partidan, galtzaileak agur esango du eta irabazleak sailkatzeko aukera izango du Elezkano-Zabaletak edo Ezkurdia-Merino II.ak galtzen badute.

Hortaz, asteburu luze honetan egunez egun pilota zaleek indar eta intentsitate handiko partidak izango dituzte aurrez aurre. Azken egunera arte emozioa ez da faltako. Ea gure bi ordezkariek irabazi eta finalerdietara sailkatzeko aukera duten.

Binakakoa. 14. jardunaldia
Irribarria-Rezusta / Urrutikoetxea-Imaz (ostiralean, 22:00etan, Bergaran. ETB1)
Olaizola II.a-Untoria / Artola-Albisu (larunbatean, 17:00etan, Labriten. ETB1)
Ezkurdia-Merino II.a / Altuna III.a-Barriola (igandean, 17:00etan, Logroñon. ETB1)
Bengoetxea VI.a-Larunbe / Elezkano II.a-Zabaleta (astelehenean, 16:30ean, Tolosan)