Garaipenaren zaporearekin finalerdietara

Guaixe 2017ko mar. 7a, 09:23

Elezkano ordezkatu zuen Jakak eta Zabaletak 22 eta 18 irabazi zieten Bengoetxeari eta Larunberi Binakako hasierako ligaxkako azken partidan. Finalerdietako 1. jardunaldian Irribarria eta Rezusta faboritoak izango dituzte aurkari igandean Eibarren

Binakako hasierako ligaxka despeditu da. Atzo jokatu zen azken partida. Eskuko minez dagoen Elezkano ordezkatu zuen Erik Jakak eta Jose Javier Zabaletak Oinatz Bengoetxea eta Mikel Larunbe izan zituzten aurkari. Ez zuten ezer jokoan, bi bikoak finalerdietarako sailkatuta daudelako, baina lehia bizia eskaini zuten, garaipenak ematen duen gorakada oso garrantzitsua baita txapelketan entxufatuta jarraitzeko.

Jakak eta Zabaletak irabazi
Partida ez zen ongi hasi Jakarendako eta Zabaletarendako. Akatsaz betetako hasieran, 7 eta 1 aurreratu ziren Bengoetxea eta Larunbe. Aurreko koadroetan erasoan hasi ziren Bengoetxea eta Jaka, eta atzeko koadroetan  paretsu zebilzan Larunbe eta Zabaleta. Horrela, 14 eta 9 aurreratu ziren Asegarcekoak. Baina Aspekoek gustuko pilota bat aukeratu zuten, berarekin hasi ziren lanean eta partidari buelta ematea lortu zuten. Zabaleta sekulako pilotakada indatsu eta azkarrak jotzen hasi zen eta Larunbe gainditu zuen Etxarrengoak. Horrela, 17 eta 15 eta 18 eta 15 gerturatu ziren. Baina erasoan jarraitu zuten Jakak eta Zabaletak, ez zuten amore eman, eta, azkenean, 18 eta 22 irabazi zuten. Horrela jarraitzen badute, finalerdietan sorpresa eman dezakete.

Finalerdietan datorrena
Irribarria-Rezusta (12 puntu), Olaizola II.a-Untoria (7 puntu), Bengoetxea VI.a-Larunbe (7 puntu) eta Elezkano II.a-Zabaleta (7 puntu) prest daude Binakako finalerdietako ligaxkan aritzeko. Zalantzarik gabe, Irribarria eta Rezusta ezkertiarrak dira faborito nagusiak. Eta, hain zuzen ere, finalerdietako ligaxkako lehen jardunaldian beraien kontra aritzea egokitu zaie Elezkano II.ari eta Zabaletari. Partida igandean jokatuko da, Astelenan. Beste partida Labritek hartuko du, larunbatean. Olaizola II.a eta Untoria Bengoetxea VI.aren eta Larunberen kontra ariko dira. Orain artekoak ahaztuta, beste txapelketa bati ekin diote orain lau bikoteek eta ea Zabaletak bere maila eman eta finala jokatzeko aukerak dituen.   

Finalerdietako 1. jardunaldia
Olaizola II.a-Untoria / Bengoetxea VI.a-Larunbe (larunbatean, 17:00etan, Labriten. ETB1)
Irribarria-Rezusta / Elezkano II.a-Zabaleta (igandean, 17:00etan, Eibarren. ETB1)