Infernua Arbizun

Guaixe 2017ko mar. 27a, 16:18

Arbizuko Duatloian irteera hartu zuten 103 duatletetatik 37k lortu zuten proba despeditzea eta aurreko astean Altsasun irabazi zuen Pello Osorok irabazi zuen ere Arbizun, ikusgarri aritu ondoren. Sergio Garcia de Eulate izan zen lehen sakandarra, bosgarren postuan sartuta

Eguraldia ezin izan zen okerrago portatu. Euriari, haizeari eta elurrari ere aurre egin behar izan zieten larunbatean 21. Arbizuko Duatloian aritu zirenak. 153 duatleta inguru zeuden emanda, baina 103 duatleta izan ziren proba osatzera animatu ziren ausartak. Gehienek betiko proba, luzeena, aukeratu zuten (8 km korrikan, 32 km bizikletan eta 4 km korrikan), beste batzuk proba herrikoiaren alde egin zuten, hau da, ibilbide erdia (4 km-16 km- 2 km) eta erreleboetan ere aritzera animatu ziren batzuk, hau da, batek korrikako tarteak osatu eta besteak txirrindula tartea (8 km – 32 km – 4km). Kadeteek distantzia erdia osatu zuten eta juniorrek osoa.

Irteera hartu zuten 103 duatletetatik 3 soilik ziren emakumezkoak. Eta hotz ikaragarriari lotura, euria barra-barra ari zuela ekin zioten probari. Eta hori ere tarteka gogortu zen, elur-bustia ere erori baitzen. Korrikako tartea osatu ondoren, hiru duatleta iritsi ziren batera boxera, bizikleta hartzera. Aurreko astean Altsasuko duatloia irabazi zuen Pello Osoro (Delteco Eibar) zen bat. Bizikletan 16 km-ko zirkuituari bi buelta eman behar zizkioten, Lizarragako katea bitan igoaz. Goian elurra topatu zuten duatletek. Bizikletan gainontzekoak atzean utzi zituen Eibarko txirrindulariak eta 5 minutuko errenta lortu zuen. “Bizikleta utzi eta korrikako azken bi kilometroak ahal ditudan moduan osatu ditut. Garrantzitsuena bukatzea zen” azaldu zuen 25 urteko eibartarrak. Helmugara bakar bakarrik iritsi zen (1:44:03), baldintza klimatiko gogorrak kontuan hartuta proba ikusgarria egin eta gero. 4 minutu pasa atera zizkion Aitor Regillagari (1:48:54).

Garcia de Eulate lehen sakandarra
Sakandarren artean, Sergio Garcia de Eulate izan zen azkarrena. Sakana taldeko duatleta bosgarrena iritsi zen helmugara (1:52:03) eta Mikel Astiz ihabardarra (Saltoki trikideak) seigarrena (1:52:08).

Mazkiaran eta Azkargorta bigarrenak
Bestalde, proba herrikoian (4 km-16 km- 2 km) Asier Rodrigo izan zen azkarrena (1:01:20), Alberto Mazkiaran altsasuarraren aurretik (1:03:19). Erreleboetan, Fran eta Iñigo arbizuarrek osatutako bikotea izan zen proba bukatzea lortu zuen bakarra (2:03:58). Bukatzeko, kadeteetan Atalaya taldeko Mikel Armañanzas gailendu zen (57:21) eta Fermin Azkargorta (Sakana) bigarrena sartu zen (1:00:31), eta Francisco Sanz lehen juniorra izan zen (2:08:27).

66 erretiratu
Aipatzekoa da bizikleta tartean abandonatu zutela proba duatleta gehienek, elurrari, euriari eta hotzari aurre egin ezinez. Irteera hartu zuten 103 duatletetatik, 16k osatu zuten proba luzea, 7k herrikoia, 12 gaztetxoena eta bikote batek erreleboetakoa. Hortaz, 37k lortu zuten proba despeditzea eta 66k utzi behar izan zuten, ezinean, tartean sakandar dezentek. Emakumezkoei dagokienez, hiruk hartu zuten irteera, bi erretiratu egin ziren eta hirugarrena deskalifikatu zuten, denboraz kanpo sartzeagatik. Epaileek, Naia Lopez buru zela, lan handia izan zuten. Izan ere, duatleta asko indar gabe, izoztuta, iritsi ziren. Gorpua berotzeko Arbizuko Udalak salda bero-beroa prest zuen. Sari banaketa eta auzate ederra prestatu zuten ondoren.

Arbizuko Udalak antolatu zuen proba, Sakanako Triatloi Taldearen, Sakanako Mankomunitatearen, Nafarroako Triatloi Federazioaren, Arbizu Kirol Elkartearen, Aralar Txirrindularitza Taldearen eta hainbat entitate, babesle eta herritarren laguntzarekin.

Goizean, V. Arbizuko Haur Duatloia
Goizeko 10:00etatik aurrera burutu zen V. Arbizuko Haur Duatloia, Nafar Kirol Jolasetarako baliagarria. 145 neska-mutil zeuden izena emanda, eta 100 inguru lehiatu ziren. Sakana Triatloi Taldekoak bikain ibili ziren. Aurrebenjamin mailan, Oihan Andueza laugarrena sailkatu zen, Asier Razkin bosgarrena eta Eneko Razkin hamargarrena. Benjaminetan, emakumezkoetan Sakana taldeko Ane Berastegi gailendu zen eta Haizea Urbe hamalaugarrena sailkatu zen. Eta gizonezkoetan Sakana taldeko Ekain Imazek irabazi zuen, bere taldekide Alain Razkinen aurretik. Mikel Arrizabalaga seigarrena sailkatu zen. Bukatzeko, haurren mailan Nahia Imaz bigarrena sailkatu zen.


Sakandarrak 21. Arbizuko Duatloian
Proba luzea (8 km-32 km-4 km)
1.Pello Osoro (Delleco Eibar): 1:44:03
5.Sergio Garcia de Eulate (Sakana): 1:52:03
6.Mikel Astiz (Saltoki Trikideak): 1:52:08
8.Fco. Javier Gomez (Sakana): 1:58:56

Herrikoia (4 km-16 km-2 km)
1.Asier Rodrigo: 1:01:20
2.Alberto Mazkiaran: 1:03:19

Erreleboak (8 km-32 km-4 km)
1.Fran eta Iñigo: 2:03:58

Kadeteak (4 km-16 km-2 km)
1.Mikel Armañanzas (Atalaya): 57:21
2.Fermin Azkargorta (Sakana): 1:00:31

Juniorrak 8 km-32 km-4 km)
1.Francisco Sanz (Atalaya): 2:08:27