Gobernuaren aitortza 1936an eraildako bost sakandarrei

Guaixe 2017ko mar. 29a, 13:42
50 bat senide elkartu ziren Nafarroako Jauregiko tronuaren gelan atzo.

1936eko estatu kolpeko errepresioaren biktima izan ziren 14 pertsonen senideak Nafarroako Jauregian izan ziren atzo. Aranzadi zientzia elkarteak egindako indusketetan 14 pertsona horien hezurdurak identifikatu zituen. Horien artean daude Iberoko Zurbaoko hobian zegoen Victor Martirena Alegria (Uharte Arakil) eta Otsoportilloko lezean zeuden Meliton Agirre Lezea (Olatzagutia), Francisco San Roman Galbete (Urdiain), Domingo San Roman Otxoa eta Francisco San Roman Otxoa (Ziordia). Haien senideek dosier bana jaso zuten, identifikazio lanetan egindako txostena eta dokumentazioa jasotzen duena.  

Indusketak Nafarroako Gobernuaren laguntzaz egin ziren. Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harreman kontseilari Ana Ollok, Bakea, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen zuzendari nagusi Alvaro Baraibarrek eta Nafarroako Parlamentuko presidente Ainhoa Aznarezek egin zieten harrera. Kontseilariak atzokoa “zuek maitatutako senideendako, zuendako eta zuen familiendako aitortza eta erreparazio” ekitaldia zela nabarmendu zuen. Ollok senideei “haien ideiak defendatzeagatik bidegabeki erailak izan zirenekin gobernuak duen konpromisoa” berretsi zien. Gaineratuz, “ahanzturak eta memoria faltak oroitzapenaren, aitortzaren eta erreparazioaren garai berriari txanda eman dio”. Gobernuaren politika “ahal den neurrian, egindako bidegabekeriagatik biktimak eta haien familiak erreparazioa ematea” dela azpimarratu zuen. Horregatik, estatu kolpearen ondoren desagertutakoen bilaketa lehentasunezko lanetako bat dela gaineratu zuen.