Zabaleta eta Ezkurdia, Buruz Burukoan

Guaixe 2017ko api. 12a, 09:44

Zabaleta igandean hasiko da lehian, final hamaseirenetan, Mendizabal III.aren kontra. Ezkurdia final zortzietan sartuko da, apirilaren 23an, Jaunarena eta Retegi Biren arteko irabazlearen kontra

Asteartean aurkeztu zuten, Bilboko Itsas Museoan, 2017ko Buruz Burukoa, pilotako txapelketarik garrantzitsuena. Hiru berrikuntza dakartza aurtengo txapelketak: batetik, egutegi osoa hasieratik zehaztuta dago, finala barne, bestetik, finalerdietatik aurrera erabiliko diren pilota sortak final laurdenak jokatu baino lehenago hautatuko dira, eta, hirugarrenik, botilero no izan daitekeen edo nor izan ez daitekeen zehaztu dute.

16 pilotariak
Asteburu honetan hasiko da Buruz Burukoa eta maiatzaren 28ra arte luzatuko da. 16 pilotari lehiatuko dira guztira, 8 enpresa bakoitzeko. Asteburu honetan final hamaseirenak jokatuko dira. Untoriak Victorren kontra jokatuko du ostiralean Sorian, Albisuk Laso izango du aurkari larunbatean Iruñean, Jose Javier Zabaleta Mendizabal III.aren kontra ariko da igandean Lekeition eta Jaunarena Retegi Biren kontra lehiatuko da astelehenean Eibarren. Irabazleek Artola, Rezusta, Olaizola II.a eta Joseba Ezkurdia izanen dituzte zain final zortzirenetan. Eta final zortzirenetan gailentzen direnak Irribarria, Altuna III.a, Bengoetxea VI.a eta Urrutikoetxea izango dituzte aurkari. Ondoren, finalerdiak jokatuko dira, maiatzaren 13an eta 14an, eta final handia maiatzaren 28an jokatuko da, Bilboko Bizkaia pilotalekuan.

Egungo txapeldun Irribarria da faborito nagusia, baina berak ez du hala ikusten. “Ez dut uste txapelduna izateagatik faboritoa naizenik. Hemen ez dago ligaxkarik; egun txar bat, eta etxera”.

Zabaleta eta Ezkurdia
Jose Javier Zabaletak igandean ekingo dio Buruz Burukoari, Lekeition. Mendizabal III.a izango du aurkari. Irabazleak Aimar Olaizolaren kontra kokatu beharko du apirilaren 22an Iruñean. Ondoren, final laurdenetan, Bengoetxea VI.a izango dute zain.

Bestalde, final hamaseirenetan Jaunarena eta Retegi Biren arteko irabazlea izango du aurkari Joseba Ezkurdia arbizuarrak apirilaren 23an Gasteizen. Ondoren, Urrutikoetxea izanen du aurkari aurrera egiten duenak, final laurdenetan.

Bakaikoa, 2. Mailako Buruz Burukoan
Maila nagusiko txapelketarekin batera, 2. Mailako Buruz Burukoa jokatuko da. Joanes Bakaikoa etxarriarra ariko da bertan, D multzoan. Bakaikoak Jaka izanen du aurkari larunbatean Eibarren. Irabazlea Erasun eta Irustaren arteko partidako irabazlearekin jokatu beharko du final laurdena.