Josu Etxeberria, zilarrezkoa

Guaixe 2017ko api. 26a, 11:18
Argazkia: Toño de la Parra.

Espainiako Pistako kadete eta juniorren txapelketetan juniorren puntuazioan zilarrezko domina lortu zuen. Etxeberria, Zia, Gonzalez eta Irastorza aritu ziren Nafarroarekin

Aste Santuan Espainiako Pistako kadete eta juniorren txapelketa jokatu zen Tafallan. Nafarroako selekzioarekin aritu ziren, besteak beste, Aralar klubeko Josu Etxeberria iturmendiarra, Burundako Hodei Zia altsasuarra, Bakarne Gonzalez eta Joana Irastorza. Katalunia, Euskadi, eta Balear Irletako selekzioak gailendu ziren nagusiki, baina Josu Etxeberriak Nafarroarendako zilarrezko domina lortu zuen junior mailako puntuazio proban, Valentziako Granadosen atzetik.

Bestalde, igandean XXIII. Gipuzkoa Klasikoa jokatu zen Zegaman. Euskadi taldeko Unai Iribar gailendu zen esprint estuan. Nafarroarekin lehiatu zen Josu Etxeberria 27.a sartu zen.

Etxeberriaren erorikoa Agurainen
Aste Santuan, Euskal Herriko Torneorako baliagarriak diren bi proba jokatu ziren. Apirilaren 13an, Durangoko Tabira Sarian, Iñigo Fernandez (Q.A.) 21.a sailkatu zen, Ailetz Lasa (A.A.) 22.a, Beñat Etxezarreta (I.I.) 62.a eta Xabier Mauleon (I.I.) 88.a. Eta apirilaren 16an, Agurainen, Sallurtegi Saria jokatu zen (79 km). Esprint estuan erabaki zen proba eta Gastronomia Baska-Avia taldeko Jon Barrenetxea gailendu zen (2:01:20). Espainiako Pista Txapelketan aritu eta gero, Josu Etxeberria iturmendiarrak (I.I.) erorikoa izan zuen baina helmugara iristea lortu zuen, 13. postuan. Ailetz Lasa (Q.A.) 18.a sailkatu zen, Beñat Etxezarreta 52.a, Xabier Mauleon 67.a eta Josu Jaka (Q.A.) 69.a.

Lasa bosgarrena Lizarran
Larunbatean Lizarran jokatutako XXX. Meoqui Memoriala (73 km) esprintean erabaki zen eta Fundacion Lintxuko Joseba Otaola gailendu zen (1:47:08). Quesos Albeniz taldeko Ailetz Lasa bosgarrena sartu zen eta bere taldekide Iñgo Fernandez 7.a, denbora berean. Tropel nagusia 1:02ra sartu zen, Hodei Zia altsasuarra (Q.A.) buru zela, 11. Postuan. Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Beñat Etxezarreta (I.I.) 15.a sailkatu zen, Josu Etxeberria (I.I.) 21.a, Imanol Galarza (I.I.) 26.a, Xabier Mauleon (I.I.) 27.aeta Iosu Jaka (Q.A.) 33.a. Talde onena Quesos Albeniz izan zen.