Trafiko delituengatik bi atxilotu

Guaixe 2017ko mai. 2a, 09:41

Erresistentzia delitua egotzita beste atxilotu bat izan da.

Foruzaingoak jakinarazi duenez, bi sakandar atxilotu ditu berriki. Patruila batek furgoneta bat geldiarazi zuen Etxarri Aranatzen. Barruan lau gazte zihoazen eta ibilgailua 23 urteko gizonezko arbizuarrak gidatzen zuen. Foruzainek bazekiten epai bategatik gazteak agorrilera arte gidabaimena erretiratua zuela. Zigor-hauste delitua egotzi zioten. Antzeko aurrekariak omen ditu. Iruñeko zaintza epaitegian aurkeztu beharko du gazteak.

Bestetik, Foruzaingoak jakinarazi du dei bat jaso zutela gaztigatuz edanda zegoen emakumezko bat autoa hartu eta gidatzekotan zela. Deitzaileak autoaren deskribapena eman zuen ere. Patruila batek, araudiaren kontra, autoa bide bazterrean aparkatua opatu zuen. Poliziak emakumezkoa identifikatzera joan zirenean hark iraindu, mehatxatu, bulkatu eta alkoholemia proba egitera ukatu omen zen. Atxilotu eta Iruñean atestatuarekin segitu zuten foruzainek 39 urteko emakumezko lakuntzarrari hiru delitu egotzi dizkiote: errepide segurtasunaren kontrako bi (alkoholaren eraginpean gidatzea eta alkoholemia proba egitea ukatzea) eta agintearen agenteen kontrako atentatua.

Azkenik, Foruzaingoak jakinarazi du 40 urteko gizonezko bat atxilotu duela klub batean berriki. Klubetik polizia hots egin zuten, bezero bat istiluak sortzen ari zelako. Hara joan ziren foruzainei lekukoek esan zieten atxilotutakoak iraindu, mehatxatu eta, kasuren batean, kolpatu zituela. Antza, gizonezkoa alkoholaren eragin handia zuen. Poliziek hainbatetan dokumentazioa eskatu zioten gizonezkoari eta hark bortizki erantzun zuen, foruzainen kontra oldartuz. Hura atxilotzeko indarra erabili behar izan zuten foruzainek. Atxiloketa bitartean eta polizia-etxera eraman bitartean gizonezkoak gogor egin zien foruzainei. Desobedientzia, erresistentzia eta agintearen agentearen kontrako atentatua delituei aurre egin beharko die. Iruñeko I. Intsrukzio Epaitegiaren esku gelditu da auzia.